Lau hamarkadaz eragiten, aukerak sortzen eta sareak sustatzen

Jon Irizar Aranguren 2022ko ots. 14a, 11:03

Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteko hainbat bazkideren talde argazkia. (Argazkia: AED)

«Jendea biltzeko; lan egiteko, mentalizazio eta motibazio lana batik bat; beharrezko neurriak eskatu, exijitu eta presio egiteko; akuilu eta elementu kritiko izateko». Idatzita utzi zuten Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteko sortzaileek. 1983a zen.

Euskaldunak elkartu eta hizkuntzaren alde egiteko indarrak batzeko helburu eta eginbidearekin sortu zen, beraz, AED. Jatorriz Arrasate herri euskalduna izanik ere, datuek hamarkadetan bizitako "errepresio sozial eta linguistikoa" bistaratzen zuten: herritarren erdiak euskaldunak izan arren, apenas iristen zen %10era euskararen kale erabilera.

39 urtez eragiten

Ia lau hamarkada igaro diren honetan, arras aldatu dira moldeak. Bere neurrian, baita errealitate soziolinguistikoa ere –Arrasateko Udalak egindako euskararen azken kale erabilera neurketan (2011- 2015), %32koa zen erabilera–.

Irabazi asmorik gabeko elkarteak, baina, bidea urratzen jarraitzen du. Aktibazio soziala bultzatzen; kulturgintzan eragiten; talde eta sektore ezberdinetan euskararen erabilera areagotzeko programak sustatzen; euskaltzaleak ahalduntzen eta motibatzen. Funtsean, euskararen erabilera bultzatzen, Arrasaten "euskaraz bizi gaitezen eragiten, aukerak sortzen eta sareak sustatzen".

Batera, batzera

Marko horretan kokatzen da duela urtebete abiatu zuten parte-hartze prozesua. Elkartea osatzen duten 600 bazkideekin, euskara biziberritzeko prozesuan aliatu dituzten eragileekin eta kultur taldeekin batera, elkartearen jarduera eta lan egiteko moduak eguneratzea izan dituzte helburu. "Aberatsa izan da oso" prozesua, eta badute epe ertainerako erronka: jarduerari "norabide gaurkotua" ematea eta "herritar orok" bere tokia aurkituko duen elkarte "bizia" antolatzea.

Aukerak zabaltzen

Euskaraz eta euskaratik, lan egiteko, bizitzeko, sortzeko, gozatzeko... euskaltzaleei zein euskararen herritik urrun dagoen herritar orori "aukerak zabaltzea da gure eginkizun komunitarioa".

Bide horretan, aukera ikusten dute Goienan, aukera Goienakide izaeran. Sortzaile izatearen lotura "emozional eta organikotik" harago, euskarazko hedabideak indartzea "estrategikoa" baita euskararen biziberritze prozesuan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak