Maria Ubarretxena: "Martxoan, TAO sistemaren aldaketen berri emango dugu"

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ots. 9a, 13:18

Maria Ubarretxena alkatea eta Victoriano Fuentes gobernukidea (PSE-EE).

Atzo oposizioak egindako prentsa agerraldiaren harira, hainbat gai argitu gura izan ditu Udal Gobernuak, eta Maria Ubarretxena alkateak adierazi du TAO sistemaren ezarpenaren "gertuko jarraipena" egiten ari direla, "egin beharreko aldaketak egiteko". Datorren hilean emango dute horien berri.

Lehenik, alkateak azpimarratu du Udal Gobernuak ez duela "inoiz" esan aldaketak urtebete barru egingo direnik. "Hori Podemoseko zinegotziak esan zuen osoko bilkuran, baina ez guk. Halaber, Mugikortasun Planen onarpena eta TAOaren onarpena ere ez ditugu nahastu, bi gai desberdin dira", dio alkateak.

Bestalde, Podemos Arrasateri eskatu dio jarrera argitzeko. "EH Bilduk adierazi du TAOren aldekoa dela, nahiz eta sistema honen kontra egon. Halere, ez zaigu oso argi geratu Podemosen jarrera, Eva Abuinek berak egin baitzuen Mugikortasun Planaren alde. Beraz, argitu beharko du zer gura duten. Izan ere, Mugikortasun Planak hainbat zonalde zehazten ditu erregulatzeko, eta aparkaleku mota ezberdinak jasotzen ditu, errotazio eta bertako gisa zehaztuta. Horrez gain, hainbat baldintza ere zehaztuta daude planean, eta hori guztiok onartu genuen".

Ubarretxenak gaineratu du zortzi hilabetez egindako prozesu parte-hartzailean Podemosek, ez zuela proposamenik egin. "Bestalde, ordenantza hau duela urtebete onartu zen. Urte oso batean ez dute denborarik izan aldaketak planteatzeko? Orain arte nora begira egon dira?".

"Herria entzuten ari gara"

Martxoan, egingo dituzten aldaketen berri emango dutela ere azaldu du alkateak, sistema ezarri zenetik hiru hilabetera. "Analisia egingo da; guneen erabilera, bertakoen zein kanpokoen erabilera eta abar. Analisi eta informazio hori beharrezkoa delako aldaketak planteatzeko. Ondoren, aldaketak uda aurretik eginda egotea espero dugu, ahalik eta azkarren". 

Herria entzuten ari direla esan du: "TAOrekin bat ez datozenak, TAOren abantailak haien auzoetan nabarmen ikusi dutenak eta TAO eskatzen ari diren auzoak. Momentuz TAO eskatu duten auzoak hauek izan dira: Zerrajera, Uriburu kalea eta Jose Luis Iñarra".

Udal Gobernuaren helburua ez da herria kaltetzea, alkatearen esanetan, "ezta bertako autonomo eta langileak kaltetzea ere, inondik inora". Hori dela eta aukerak aztertzen ari dira eta aldaketak gauzatuko dituzte. "Badaude hirugarren autoa egoiliar bezala jartzea eskatu dutenak, badaude mugikortasun urritasuna dutenek egindako eskaerak, baita gremioek egindako eskaerak ere. Jasota ditugu eta guztiei emango diegu erantzun bat". 

"Sistema defizitarioa izango da"

Indarrean dagoen sistema defizitarioa izango da, alkatearen arabera, "orain arte Uribarrin egondako TAO sistema defizitarioa izan den bezala (40.000 euroko defizita urtero)". Urte bukaeran, datuak dituztenean, "gardentasunez" erakutsiko dituztela azaldu du Ubarretxenak, "herritarrek ikusi dezaten garbi ez dela erabakia hartu diru bilketarako, baizik eta trafiko murrizketa eta CO2 isuriaren murrizketaren baitan egin dela".

Uribarriko ordenantza ez da aldatu

Mugikortasun arazoak dituzten pertsonen inguruan, ñabardura bat egin du Ubarretxenak, oposizioari erantzunez. "2012an onartu zen Uribarriko ordenantzan ez dugu aldaketarik egin, eta hala dio: 'Ezintasuna duten pertsonentzako plazek gainontzeko plazek duten araubide bera dute, hau da, dagokien tiketa edo txartela erakutsi beharko dute eta muga berdinak izango dituzte'". 

Trafikoari lotutako hainbat datu

Arrasate herri bat den arren, "hiriburu ezaugarriak" ditu trafikoari dagokionez. Izan ere, 5.000 auto sartzen dira erdigunera egunero, alkateak emandako datuen arabera.

Bestalde, Arrasaten 13.483 auto daude erroldatuta, hau da, 1,5 auto etxebizitza bakoitzeko. "Horrez gain, autoaren erabilera azken urteetan asko handitu da herri barruko desplazamenduak egiteko. 2007an, Arrasaten, pertsona bakoitzak 2,98 desplazamendu egiten zituen batez beste eguneko eta 2019an, berriz, 3,4 desplazamendu eguneko. Handituz doa urtez urte".

Gainera Co2 isurketarik handienak ibilgailuetatik datoz Arrasaten: %31,3. "Horrek esan gura du industriak isurtzen duena baino gehiago dela, azken horren isuriak %30,9 baitira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak