TAO sistemak "hausnarketa sakon bat" behar duela uste du oposizioak

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ots. 8a, 15:40

Eva Abuin eta Maider Morras, Otalora Lizentziaduna kaleko TAO makina baten ondoan.

EH Bilduk eta Podemos Arrasatek prentsa agerraldia egin dute gaur, martitzena, indarrean dagoen TAO sistemarekin ados ez daudela adierazteko. "Pribatua da, diru biltzailea eta herritarren beharrei bizkarra ematen die", azaldu dute. Beraz, "hausnarketa sakon bat" egin dezala eskatu diote Udal Gobernuari, "lehenbailehen".

Oposizioko bi taldeak bat eginda daude indarrean dagoen TAO sistemari kontrakotasuna adierazterakoan. Nabarmendu dute ezinbestekoa dela trafikoaren eta aparkalekuen erregularizazioa, baina herritarren beharrak aintzat hartuz egin behar dela hori. "Trafikoa ordenatzea ondo dago, eta alde zaharreko bizilagunendako, adibidez, sistema ona da, baina TAO sistema honek gabezia handiak ditu. Ez dira aintzat hartu elbarrituen, erdigunean lan egiten dutenen, autonomoen, zerbitzuak ematen dituztenen edota merkatarien ezaugarri propioak eta beharrak. Horrez gain, landa auzoetako herritarren beharrak ere ez ditu kontuan hartzen, azokan lan egiten duen baserritarrarenak, esaterako. Bigarren mailako herritar bilakatu ditu Gobernuak", azaldu du EH Bilduko bozeramaile Maider Morrasek. 

Podemos Arrasateko Eva Abuinen ustez, arazo nagusia da ez dela aztertu nolako eragina izango duen sistemak herritarrengan. "Autonomo batek, esaterako, bospasei aldiz mugitu behar du bere ibilgailua goiz bakar batean eta ezin du bere gain hartu kostu ekonomiko hori. Horrez gain, mugikortasun urriko herritarrek ordaindu egin behar dute haien barrutitik kanpo baldin badaude".

Zerbitzuaren publikotasuna defendatzen dutela gaineratu dute, langileen duintasuna bermatuko duena, eta ez gestio pribatua. "TAO bigunaren aldekoak gara, lehen bi orduak doakoak izatearen aldekoak, adibidez. Hau da, zerbitzu publiko bat defizitarioa izan daiteke herritarrendako onurak baldin badakartza", azaldu du Morrasek, indarrean dauden hainbat adibide gaitzetsiz: "Ospitaleko ordu erdiko muga, elbarrituei kobrantza, langile autonomoei edota bertara datozen langileei irtenbiderik ez...".

Zuzenketak, "lehenbailehen"

Sistemak gabezia "handiak eta nabarmenak" dituela ikusita, Udal Gobernuari eskatzen diote hilabeteko epean gabezia horiek zuzentzea, "eta ez urtebetekoan, aurreikusita dagoen moduan". Arazoak, antzeman ahala, zuzendu daitezkeela uste dute. "Ez dugu uste urtebeteko epea behar denik eta probaldi epea luzatu daiteke, sistema egokia topatu arte". Era berean, "herritarren beharrak asebetetzen dituen sistema bat" gura dute.

Mugikortasun Plana eta ordenantza

Abuinek azpimarratu du oposizioaren aurkako botoekin onartu zela TAOren ordenantza: "Anuska Ezkurra bozeramaileak osoko bilkuran adierazi zuen Mugikortasun Plana eta TAOren ordenantza gauza bera direla, azken hau aho batez onartu zela nabarmenduz. Hori ez da egia. TAOren ordenantza 2021ko martxoan onartu zen, oposizioaren kontrako botoekin. Mugikortasun Plana, berriz, 2018an onartu zen, beraz, ez ditzagun gauzak nahastu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak