"Ezin izan dugu parte hartze prozesuan parte hartu eta bizilagunekin gauzak adostu. Ordenantzaren lehen zirriborroa bidali genuenetik, gure lehentasuna izan da bizilagunekin adostasunak lortzea eta armonia izatea. Tabernak jendearen gustuko tokia izatea gura dugu. Beraiekin adostu nahi izan dugu ordutegia, sortu daitezkeen zarata arazoei irtenbidea bilatzea, mugikortasun arazoak dituztenekin zein aukera dauden terrazatan aztertzea, ahalik eta gutxien molestatzea... baina lau bileratatik batera bakarrik deitu gaituzte eta bakarrean parte hartu dugu", adierazi du Ibon Leunda Arrasateko Ostalariak taldeko kideak.
Ordenantza zirriborroa
Udaletxearekin adostuta eta Gipuzkoako ostalarien elkartearekin elkarlanean, ordenantzen zirriborroa egin zuten. Orain, baina, zirriborro horri kasu egitea eskatzen du ostalarien taldeak. "Tolosa, Eibar, Donostia... bestelako ereduei esker, zirriborroa prestatu genuen. Aretxabaletakoei ere pasa genien eta haiek orain badaukate ordenantza abian, eta gu oraindik ordenantzarik gabe gaude. Zirriborroari kasu egin diezaieten eskatzen dugu. Hor gainera argazki eta guzti bizilagunekin aztertzeko hainbat kasu zeuden jasota, eta bilera batean adostasunak lortu genituen, puntu askotara iritsi ginen, baina gure harridurarako, hurrengo bileran puntu guztiak aldatuta zituzten; ezin dugu sinistu eta lehen baino okerrago gaude. Bizilagunek prozesu horretatik kanpo ekarpenak egin dituzte, eta gaur egun gure zirriborroak ez duela ezertarako balioko dirudi", gaineratu du.
"Zoritxarrez, salatzen ari gara, Udalak sustatu eta Aztikerrek gidatutako prozesu parte hartzaile hau, hasieratik bukaera arte manipulatukoa izan dela. Ostalaritzatik bizi garen 300 familien eguneroko ogiarekin jolasten ari dira", diote.