Kulturateko aretoan egon ziren atzo, astelehena, ekitaldiaren antolatzaile diren AED elkarteko eta Elkar argitaletxeko kideak, baita bekaldia babesten duten Arrasateko Udaleko eta Laboral Kutxako ordezkariak ere, besteak beste.
2020an Louise Glück estatubatuarra saritu zuten Nobel sariek. Garazi Ugalde itzultzailea buru-belarri aritu da poetak 1992an kaleratutako Wild Irish poema bildumari euskarazko hitzak jartzen. Aurkezpenean hizkera soilarekin gai sakonak lantzeko gaitasuna aitortu dio Ugaldek autoreari. Lorategia gai nagusitzat hartuta, poemen artean oihartzun bat nabari dela nabarmendu du.
2016an, berriz, Bob Dylan musikariaren ekarpen literarioa saritzea erabaki zuen Suediar akademiak. Aitzakia horrekin Dylanen 100 kanturen letrak egokitu ditu Xabi Payak euskarara. Bidaia aberatsa izan dela aipatu du, abesti bakoitzari desberdin heltzen diolako kantautore eta olerkariak.
Dylan-en kantak euskaraz abesten
Eginkizun horretan Joxerra Garzia irakasle eta idazlearen laguntza jaso du Payak. Dylanen jarraitzaile amorratua izanik, gitarra eta harmonikaren bidez kantu bildumako bizpahiru abesti jo ditu Garziak, ekitaldia jarraitu dutenen gozamenerako. Sorotan Bele taldeko abeslari Gorka Sarriegik moldatutako kantu bat ere entzun ahal izan dute, gainera, kantu bilduma berria egiten ari den ibilbidearen seinale.
Euskaratutako bi obra horiek Elkar argitaletxearen dendetan daude eskuragai.