"Gure egunerokoa da hau, egur artean bizi gara". ARTEko egungo presidentearen berbak dira, Iñaki Kortabarriarenak. Izan ere, berrogei urte luzeren ostean, osasuntsu dirau elkarteak.
Askotariko profilak dituen jendea dute taldean. "Arotz profesionalak izandakoak bai, baina baita elektrikariak, mekanikariak, bulegariak eta abar ere", azaldu du Kortabarriak. Horrek agerian uzten du tailla edozeini zuzendutako jarduera izan daitekeela eta, era berean, baduela erakargarria den zerbait. "Lan bat bukatzean sortzen den poztasun hori ederra da, asebeteta geratzen zara. Horrez gain, arlo fisikoak zein mentalak lantzen dira; irudimena, esaterako. Adinez nagusia den jendea ere badugu, eta haiendako funtsezkoa da sormena lantzea".
Mattin Amondarain, sortzaile nagusi
Mattin Amondarain izan zen ARTEren sortzaile nagusia, eta taillagin ofizioa herrian ezagutarazteko asmoz sortu zutela nabarmendu du Kortabarriak. "Amondarainekin batera ibili ginen lau bat pertsona geratzen gara taldean", gaineratu du egungo presidenteak.
Emakumeei dei berezia
Egun 47 bazkide diren arren, guztiak gizonezkoak dira, eta onartu dute emakumezkoak gustura hartuko lituzketela taldean. "Egon izan dira emakumeak, baina gaur egun guztiok gizonezkoak gara. Horregatik, emakumeak erakarri gura ditugu, gutxienez, ezagutu dezaten tailla mundua gertutik", dio Joxe Urteaga elkarteko kideak.
Ikastaroak eskaintzen dituzte
Zura lantzen ikasi gura duen edonorentzat ateak zabalik dituzte une oro, eta horren erakusgarri dira azken asteotan ematen ari diren ikastaroak. "Oinarrizko maila duen batek ez du arazorik edozein eskulan egiteko, baina hutsetik hasten diren horientzat hastapen ikastaroak eskaintzen ditugu, apurka ikasten joan daitezen", zehaztu du Kortabarriak. Hala, hiru mailatan dituzte banatuta ikastaroak: hastapenekoa, hobekuntzakoa eta goi mailakoa. "Orain, hastapen ikastaroarekin ari gara, urtarrilean hasi eta otsail erdi ingurura arte". Astelehen, eguazten eta egubakoitzetan elkartzen dira, 17:30etik 19:30era, elkartearen lokalean (Araba etorbidea, 13). Gero, hastapen ikastaroa jaso eta ikasten jarraitu gura duten horiei hobekuntza ikastaroak emango dizkiete. Interesa duenak bi telefono zenbaki hauetara deitu dezake: 628 05 50 84 edo 652 74 09 18.
Urteurrena ospatzeko, erakusketa
80ko hamarkadan hasita, hainbat erakusketa egin izan ditu ARTEk. Irudian, 1988ko santamasetakoa. Azkenak 2003an, 2008an eta 2018an egin dituzte eta aurten ere egingo dute bat, berrogeigarren urteurrena ospatzeko –data zehazteke dute–
Geroz eta modalitate gehiago
Elkarteko kideek nabarmendu dute "garapen" bat izan duela elkarteak urte hauetan guztietan, gero eta modalitate gehiago jorratzen baitituzte: "Euskal tailla eta tailla geometrikoa lantzen jarraitzen dugu, baina baita eguneroko lantresnak, erliebeak, eskultura tradizionalak, eskultura modernoak eta bestelakoak ere".
Eskulanei askotariko erabilerak ematen dizkiete. Batzuk oparitu egiten dituzte, beste batzuei erabilera praktikoa ere ematen diete, koilarei edota kaikuei, adibidez, eta "kuttunenak" etxera eramaten dituzte, apaingarri moduan jartzeko. "Norberak mimo handiz egindako eskulana bada eta ondo geratu bada, etxean ondo gordetako txokoren batean jartzen dugu".