2021ko ekainean Arrasaten kokatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz kapsula, eta ekimen horren bitartez, herritarren kezka eta proposamenak batu zituzten. 2040. urteko Gipuzkoa nola irudikatzen zuten galdetuta, arrasatearrengandik 120 ekarpen inguru jaso zituzten, eta Maria Ubarretxena alkateak zehaztu duenez, etorkizuneko lan ildoak zehazteko "ezinbestekoak" izango dira: "Guretzako oso garrantzitsua izan da jakitea herritarrek zein kezka dituzten. Azken batean, Udalaren politikak ere zentzu berean joateko aukera ematen digu eta kontuan hartuko ditugu etorkizunari guztiok batera aurrera egiteko".
Klima aldaketa eta berdintasuna, kezka nagusien artean
Herri bakoitzaren kasua ezberdina izanda ere, Olanok nabarmendu du badirela orokorrean errepikatzen diren kezkak, hala nola, klima aldaketa edota berdintasuna. Dena den, aitortu du azken urteetan aldatu egin dela tendentzia: "Orain arte egindako inkestetan, enpleguak eta arlo ekonomikoak zuen protagonismo handia, eta horrek garrantzia galdu ez duen arren, bestelako kontu batzuk ere geroz eta gehiago lantzen dira".
Arrasatearren kasuan, ekonomiari, emakume eta gizonen berdintasunari eta mugikortasunari lotutako balioak izan ziren nagusi. Baita euskararen erabilera eta ingurumenaren zaintza eta zahartzaroari lotutakoak.
Bileraren ostean, Kulturola eraikinaren instalazioak bisitatu dituzte. Eraikina bera adibide hartuta, etorkizuneko Arrasate "erakitzen jarraitzearen garrantzia" azpimarratu du alkateak: "Arrasate aurreratu bat egiten jarraitu nahi dugu, etorkizuna lantzen ari gara proiektu ezberdinak martxan jarriz eta herritarren ongizatean oinarrituz".