Soinuaren Bidaia ekimena abiatu zuen, 2015ean, Bilboko Orkestra Sinfonikoko tronboi-jole bakarlari Alberto Urretxo arrasatearrak. Izen bereko diskoa argitaratu zuten, eta pieza gehiago bildu zituzten, 2018an, Soinuaren bidaia II izenekoan.
Confluencias-Topaketak, hirugarren lana, aurkeztu zuten abenduaren 1ean Bilboko Filarmonika aretoan. "Kontzertu bikaina eskaini genuen, atzean urte askotako lana dagoela erakutsi genuen, eta harrera bikaina izan genuen publikoaren partetik; pozik nago disko berriak izan duen harrerarekin ere", kontatu du Urretxok.
Musikari profesionalekin
Goi mailako musikari profesionalek osatzen duten taldea da Soinuaren Bidaia. "Talde horrekin ekoizpen eta formazio ez- berdinak sortu ditugu. Helburu nagusia gazteekin batera proiektuak burutzea da, aukera desberdinak eskainiz. Kreatibitatea eta konposizio berriak ezinbestekoak dira gure proiektuan”.
Laura Delgado eta Iñigo Grimal biolin-joleak, Adriana Grigoras biola-jolea, Javier Martinez Campos biolontxelo-jolea, Gabriel Leon kontrabaxu-jolea, Itxaso Sainz de la Maza piano-jolea eta Jone Martinez sopranoa izan zituen Urretxok –tronboi eta tronpeta jolea– lagun uztailean Bilboko Filarmonika elkartearen aretoan egin zuten grabazioan, eta horiek izango dira zuzenekoetan alboan izango dituen musikariak.
"Klasikoa eta barrutik sortua"
Strauss, Suss, Canteloube eta Saglietiren obrak interpretatu eta grabatu ditu Urretxoren taldeak disko berrian. "Horiez gain, guretzako idatzitako Gudari eta Caminos simbioticos piezak daude. Narrazio batzuk ere badira diskoan, narrazio horiekin piezak hari berean lotzen ditugu. Aurreko diskoekin alderatuz, klasikoagoa da, baina, aurrekoen bidetik jarraituta, barrutik sortua eta oso deskriptiboa da".
Osasun krisia dela-eta, "pozik" dago lanean jarraitzeko aukera dutelako, baina arduratuta dagoela aitortzen du. "Jakintasunarekin eta kulturarekin gero eta interes gutxiago sumatzen dut, eta horrek pentsamendu kritikoa ahultzen du".