Sinadurak BAZen erregistratu zituen Placi Garcia herritarrarekin batera, abenduaren 14an, 18:00etan, udaletxean egingo den osoko bilkuran aurkeztuko direla aurreratu dute, "jasotako erantzun lotsagarria salatzeko eta herritarrek interes publikoko gaietan bermeekin parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzeko". Eskubide hori bete arte borrokan jarraituko dutela gaineratu dute Eragin Arrasateko kideek.
Sinadurei Udal gobernuak emandako erantzuna
Urbanismo, Ingurumen eta Mugikortasun zinegotziak sinadura bilketari emandako erantzunak horrela dio: "Udal gobernuak errespetatzen du sinatzaileen nahia, baina TAOren ezarpena herritarren parte hartzearekin egin den prozesu luze baten ondorioa da; bertan jasotakoa Ordenantza moduan idatzi zen, publikoki erakutsiz, zuzenketak erantsiz eta lege bilakatuz. Abenduaren 4tik aurrera zerbitzu berria nola garatzen den sakon jarraituko dugu; hasieran probaldia izango da, eta epe baten ostean aldaketak egiteko beharra ote diren erabakiko da ".
TAOren luzamendu bat egitea "ezinezkoa" dela adierazi du, "TAOa modu gardenean tramitatu zenean ez zelako eragozpenik jarri, eta, behin tramitatuta, luzamendua eskatzea epez kanpokoa delako". Gainera, TAOren kontratua indarrean dagoenez, bertan behera lagatzeak kalte ekonomikoak ekarriko lituzkeela aipatu du.