Bihartik aurrera martxan izango da TAO zerbitzu berria, bi hilabeteko probaldiarekin. Helburua herritarrek zerbitzu berria ezagutzea, bere egitea eta aparkaleku motak lokalizatzea izango da. Epealdi hori sisteman beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko baliatuko dute. Gainera, OTAko langile zerbitzua ere bihartik aurrera jarriko da abian, eta herritarren zalantzak argituko dituzte.
Bestalde, gaurtik egongo da martxan aparkatzea baimenduko duen aplikazioa, Arinpark. Horri esker, erabiltzaileak makinara hurbildu gabe ordain dezake, eta gero, epea pasatzen zaionean, dagoen tokitik luzatu dezake. Horrez gain, ez da beharrezkoa agiria edo txartela autoan uztea.
Udalak TAO Egoiliarren txartelak ateratzeko aukera urriaren 4an zabaldu zuen, eta honezkero 1.500 Bertakoentzat Txartel bano gehiago tramitatu dira. Aukerak zabalik jarraitzen du Olarte Kaleko 16. zenbakian kokatuta dagoen TAO bulegoan. Kontsultak egiteko informazio bulegora hurbildu daitezke herritarrak edo telefonoz egin ahalko dituzte 943 10 10 06 telefonoan.
"Aurrera jarraituko dugu"
TAO sistemaren aurka batu dituzten 3.782 sinaduren gainean galdetuta, Udal Gobernuak dio aurrera jarraituko dutela. "Errespetatzen ditugu sinadurak, baina aurrera egingo dugu, eta, sistema martxan jarri ahala, egin beharreko moldaketak egingo ditugu".