Arrasateko Udal Gobernuak parte-hartze prozesu bat abiatu du espazio publikoaren erabilera arautzeko ordenantza osatzeko. Horren harira, Arrasateko Ostalariak Taldeak prozesuaren inguruko hainbat kontu "argitu" gura izan ditu, "eta baita hura dinamizatzen ari den Aztiker enpresa erakusten ari den portaerari buruz ere".
Batetik, nabarmendu dute Aztikerrek parte-hartzaileei oraindik ez diela adierazi prozesua egitearen arrazoia zein den, "hau da, Arrasateko Ostalariak Taldeak egungo Udal Gobernuari behin eta berriro eskatu izanaren ondorio dela prozesua bera".
Bestetik, diote Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin batera ordenantzaren proposamen zirriborroa egin zutela ostalariek, horretarako Donostia, Zarautz, Eibar, Ordizia eta Tolosako ordenantzak erreferentzia gisa hartuz. Zirriborro hori Udal Gobernuak zein Aztikerrek badaukatela azaldu dute, baina prozesuan "oso modu arinean" eman dela horren berri, "inolako garrantzirik eman gabe".
Prozesuaren helburuei buruz
Era berean, ostalariek salatu dute Aztikerrek ez diela parte-hartzaileei "garbi" azaldu zein den prozesu honen helburua. "Bizilagunetako askok uste dute foro moduko batean ari direla parte hartzen eta bozkatu dezaketela norberak ostalaritzako lokalen batekin dituen kexak, edozein motatakoak izanda ere, terrazen kontua guztiz albora utzita. Gure ustez, badaude beste bide batzuk horrelako kexak adierazteko, eta, beraz, prozesu parte-hartzailea izan behar da terrazen ordenantzaren inguruan adostasuna lortzeko aurrerapausoak emateko eta inolaz ere ez noizbaiteko arazo pertsonalekin prozesua zapuzteko", diote.
Izan ere, haien esanetan, ordenantzaren proposamen zirriborroaren helburua da erabilera publikokoak diren espazioen erabilera arautzea, ostalaritzaren alorrean, "erabilera horiek bereziak baitira, erabilera pribatukoak, eta espazio horien erabilera komuna babestu beharra baitago, erabilera hori pertsona guztiei dagokielako".
Azkenik, gaineratu dute beste eskubide batzuk ere bermatu nahi dituztela ordenantzarekin: "Batetik, bizilagunen atsedena; bestetik, ezgaitasunen bat duten pertsonen mugikortasuna eta irisgarritasuna ez oztopatzea eta, azkenik, ostalaritza sektorearen garatzea, herritarren artean oso sustraituta dagoelako eta Arrasateren ekonomian duen eragin handiagatik".