Iturriotz iturria, "altxor historikoa", birgaitzen ari da Arrasate Zientzia Elkartea

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko aza. 16a, 13:05

Arrasateko ondarea babesteko dinamikarekin jarraituz, Zerrajera kaleko Iturriotz iturria berreskuratzeko proiektua abiatu du elkarteak, izan ere, historikoki arrasatear askori ura eman izan dion arren, azken urteetan utzita egon da. 1390ekoak dira iturriari buruzko dokumenturik zaharrenak.

Iturriak hiru hodi ditu, bakoitza bere deposituarekin, eta barruan bi arku daude. "Guztia sustraiz eta bestelako materialez estalita zegoen. Zabortegi bat zirudien", azaldu du AZEko kide Jabier Bengoak. 

Iturburua galduta dauka eta ez dute ura berreskuratzerik izango, baina barruko guztia garbitu egin dute, eta elkartearen asmoa da barruan argi batzuk jartzea, argiteria publikoarekin koordinatuta, barruko ondarea beirate batekin babestuz eta ikusgarri eginez. Era berean, inguruan mantentze lanak egingo dituzte, egungo baranda berdea aldatu eta altzairu herdoilgaitzezkoa jarriz, eta panel informatibo batzuk ere jarriko dituzte, iturriaren historia azalduz. 

Iturria berreskuratzeaz gain, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren bitartez babesteko eskaera ere egingo du elkarteak, babestu barik dagoela konturatu baitira.

1390koak dira dokumentu zaharrenak

Iturriotz iturria "hargintza lan bikaina" dela onartu du Jose Angel Barrutiabengoa elkarteko kideak, "barruan ganga-formako estrukturekin eta hobiak hornitzen zituzten hiru depositurekin". Halaber, iturburu indartsua izan zela azpimarratu du, arrasatear askori ura eskaintzen ziena. 

Pedro Velez de Guevara eta Arrasateko hiribilduaren arteko auzietako autoetan, 1390ean, aurkitu ditu Arrasate Zientzia Elkarteak iturriari buruzko lehen dokumentuak. "Gerora, 1457an, 1536an, 1592an edota 1752an, iturri horretan hainbat garbiketa eta bestelako lan egin zituztela dioten dokumentuak ere aurkitu ditugu".

1942an, Union Cerrajerak lursailak erosi eta pabilioi industrial batzuk jarri zituen inguru horretan. "Nahiz eta lehen bidea egon iturriraino, pabilioi horiek jartzerakoan bide hori itxi egin zuten eta iturri berri bat egin zuten, Igelaren Iturria (Fuente de la Rana)", dio Bengoak.

Jose Angel Barrutiabengoa eta Jabier Bengoa AZEko kideak, Iturriotz iturrian.

Azaro bukaerarako, ikusgarri

Arrasate Zientzia Elkartearen gidaritzapean, hainbat enpresetako langileak ari dira lan horiek egiten. "Udaletxearekin hitzarmen bat egiten dugu eta diru kopuru bat daukagu gure lanak egiteko. Beraz, diru zati bat bideratu dugu birgaitze lan hauetara, betiere, beharrezko baimen guztiak udaletxean eskatuta", azaldu du Bengoak.

Garbiketa eginda dagoen arren, lan batzuk falta dituzte oraindik, baina azaro bukaerarako, herritarrek ikusteko moduan jartzea gura dute.

Hiru ur deposituak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak