Nerea Baena: "Ama izan aurretik baino sentsazio hobeak ditut orain"

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko aza. 14a, 10:17

Nerea Baena, Zaragozako proba hasi aurretik.

"Inolako presiorik gabe" dabilen arren, oso maila onean ari da Nerea Baena korrikalaria (Arrasate, 1984) azken hilabete hauetan egin dituen probetan. Gasteizko Emakumeen Lasterketa irabazi zuen irailean eta Zaragozan laugarren bukatu zuen duela bi aste –6,5 kilometro–; ama direnen artean lehenengo sailkatua izan zen.

Emakumeen lasterketetan parte hartzen ari zara azkenaldian.

Hiriburu askotan egiten dituzte lasterketa horiek. Duela hainbat urte, Bartzelonan egin nuen lehenengoz. Zozketa bati esker eskuratu nuen dortsala eta 27.000 parte-hartzailetatik bosgarren iritsi nintzen. Orduan piztu zitzaidan harra.

Zaragozan, emaitza ona lortu zenuen.

Bai. Banekien maila onean nengoela, eta nire helburua zen kilometroa lau minutu inguruan egitea. Irabaztea oso zaila zela banekien, Maria Jose Pueyo atleta olinpiarraz gain, maila oneko beste hainbat atleta zeudelako. Edozelan ere, kilometroa lau minutu azpitik egitea lortu nuen, onenen pare joan nintzen eta irabazlearengandik 40 segundora iritsi nintzen helmugara. Pueyoren beraren aurretik egin nuen, eta maila horretako atleten pare aritzeak harrotasun handia ematen dit.

Semea ere zure jarraitzaile sutsuetako bat da…

Hala da, bai. Duela bi urte ama izan nintzen, eta, semeak entrenatzen ikusten nauenez, ilusio handia egiten dit hark ni lasterketa batean parte hartzen ikusteak. Gainera, asko animatzen nau. Zaragozako proban, esaterako, zera esaten zidan: "Pim pam pum, amatxo txapeldun!". Ilusio handia egiten dit horrek, eta, ama ginenon artean lehen sailkatua izanda, are gehiago. Pentsa, hari titia ematen igo nintzen podiumera.

Ze esangura du zuretzat halako probetan parte hartzeak?

Parte hartzeagatik ordaindu egiten duzu, eta, kirola egiteaz gain, ordaintzen duzun diru kantitate bat askotariko kausak babestera bideratzen dituzte. Gasteizko eta Zaragozako kasuan, bularreko minbiziaren aldeko lasterketak izan dira eta Bilbon egin nuen beste bat gaixotasun neurodegeneratiboen ikerketarako dirua batzeko izan zen. Polita da eta, gainera, parte-hartzaile askok oinez egiten dute, sinbolikoki. Zaragozan, esaterako, 93 urteko emakume batek hartu zuen parte.

Zerk egiten ditu berezi halako lasterketak?

Ilusio berezia egiten dit ikusteak geroz eta emakume gehiago ari garela halako probetan eta, oro har, kirol probetan. Izan ere, orain arte gutxiago izan gara, eta gauzak aldatzen ari dira, alde horretatik. Gainera, oso maila oneko kirolariak dira asko, eta horrek izugarri pozten nau.

Amatasuna dela-eta, geldi egon zara orain arte…

Bai; hiru urte geldi egon naiz. Nire ahizpa zoru pelbikoan espezializatua da, eta esan zidan lasai hartzeko, zoru pelbikorako ez dela ona erditu eta berehala korrika hastea, inpaktu handia delako organoentzat. Beraz, uda honetan hasi naiz berriro.

Edozelan ere, inongo presio barik diharduzula diozu...

Bai. Lanarekin eta umearekin, ez daukat denbora askorik entrenatzeko. Beraz, ahal dudanean eta gogoa dudanean egiten dut. Zaragozako proba baino lehen, adibidez, bi aste entrenatu barik egon nintzen. Beti izan naiz oso lehiakorra, baina orain, presio barik ari naiz. Gainera, gauzak ondo ateratzen ari zaizkit.

Duela urte batzuetako mailara iritsiko zarela uste duzu?

Esango nuke lehen baino hobeto nagoela orain, lehen baino sentsazio hobeak ditut, hobeto sentitzen naiz. Uste dut presiorik eta helburu jakinik barik aritzeak mesede egiten didala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak