Hiru sari jaso zituen Baenak: emakumezko lehena, beteranoen artean lehena eta ama direnen arteko lehena.
Ez da lehen aldia mota honetako proba batean parte hartu duena. Izan ere, Bartzelonan eginda du bat, eta bosgarren bukatu zuen orduko hartan. "Oraingoan, ordea, asko entrenatu barik hartu dut parte eta ez nuen espero irabaztea. Nire errekor pertsonala hobetu dut, beraz, oso pozik nago", aitortu du.
Egubakoitzean, lanean zegoela, jakin zuen lasterketaren berri. "Izena emateko azken eguna zen, eta parte hartzea erabaki nuen. Nire motibazioa zen nire umeak ni korrika ikustea proba batean eta nitaz harro sentitzea. Gainera, helburu sozial bat daukan lasterketa da eta nire ekarpena egin gura izan nuen bularreko minbizia lehenbailehen bukatzeko".
Nabarmendu du "oso giro ederra" sortu zela eta "pena" dela, pandemiagatik, horrenbeste izen-emateko egon ez izana. Dena den, "hunkitu" ere egin zela aitortu du. "Gaitz honen ingurukoak entzunda, negar apur bat ere egin nuen hasieran, baina gero oso ondo joan zen guztia".
Ama izan ostean, berriro ere entrenatzen hasi da Baena. Izan ere, bi aste barru, gaixotasun neurodegeneratiboen ikerketarako dirua batzeko elkartasun lasterketa batean hartuko du parte, Bilbon.