Osoko bilkuraren ostean, Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu zuen Udal Gobernuak "bizilagunekin elkarlanean" osatu duela Grupo San Juanen babes irizpideak jasotzen dituen dokumentua. Edozelan ere, Grupo San Juaneko bizilagunen batzarrak, idatzi luze batean, dio dokumentu hori ez dela proposamen boluntarioa. "Hirigintza saileko arduradunen xantaia eta errepresalien ondorioa da. Mendeku bat egon da, arkua eraistearen aurka bizilagunek egindako oposizioa dela eta. Izan ere, arku hori eraitsi gura izan zuen Udal Gobernuak, bizilagunen iritzia jaso barik", azaldu dute.
Gaineratu dutenez, arkua eraistearen aurkako mobilizazioaren eta sinadura bilketaren aurrean, Udal Gobernuak Alfontso X. Jakintsua plazarako aurreikusita zituen hobekuntza guztiak bertan behera utzi zituen. "Hau da, oinezkoentzat egiteaz gain, berdegunea birmoldatu eta hesi arkitektonikoak kentzea (egungo eskailerak). Horretarako erabili duten argudioa izan da esku-hartze horrek ez duela helbururik arkua bota gabe", salatu dute bizilagunek.
Horren harira, salatu dute Ibon Arrupe Hirigintza saileko batzordeburuak "matxista" izatea leporatu ziela bizilagunei, emakumeen segurtasunerako "puntu iluna" den arkuaren eraisketaren aurka egiteagatik. "Ez zuen kontuan hartu, ordea, arku hori eraitsi arren, beste lau arku geratuko liratekeela plazaren inguruan. Horiek ere ‘puntu ilunak’ izango dira ba?".
"Indarrez" onartu dute idazketa
1950eko hamarkadaz geroztik, bizilagunen esanetan, Arrasateko Udalak zaindu izan du diziplina urbanistikoa mantentzea, gunearen izaera arkitektonikoari dagokionez. "Hau da, gorri koloreko leihoak eta leiho-ateak, fatxada zuriak eta abar. Ez zuen onartzen edozein esku-hartzek berezitasun horiek aldatzerik. Halere, modu harrigarrian, duela urte eta erdi, Udal Gobernuak erabaki zuen babes hori Grupo San Juanen kanpoko perimetrora bakarrik mugatzea. Beraz, barruan egin zitezkeen bestelako interbentzioak, bloke bat urdinez margotzea, esaterako".
Idatziak dio Udal Gobernuak "bizilagunen ardurapean" utzi zuela babes irizpideak jasotzeko dokumentua idaztea. "Indarrez onartu behar izan genuen berez Hirigintza sailari dagokion ardura hori eta horri beste errepresalia bat gehitu zitzaion. Izan ere, dokumentu hori onartu bitartean, Grupo San Juaneko obra lizentzia guztiak geldi geratuko zirela esan ziguten. Eten hori urte eta erdiz luzatu da".
Hirigintza arloko dokumentu baten idazketa eta kostu ekonomikoa bizilagunen gain uzteak "ez du izenik", bizilagunek nabarmentzen dutenez. "Are mingarriagoa da, gainera, Udal Gobernuak adierazten duenean eskuzabaltasunez onartu duela dokumentu hori".
Bizilagunen arabera, Udal Gobernuak ez du alboratu Grupo San Juanen bizilagunen dokumentua "obren lizentzien geldiketa hori Eusko Jaurlaritza zuzenean kaltetzen ari zelako". Hori da "arrazoi bakarra eta nagusia", haien esanetan. "Etxebizitza sailak urtebete baino gehiago darama udal lizentziari itxaroten, sindikatuen lehengo eraikinean gazteei zuzendutako hamabi etxebizitza eraikitzen hasi ahal izateko. Beraz, Udalak ezin zuen luzaroagoan ukatu obra lizentzia hau, gainera, kontuan hartuta EAJren kanpainaren promesa bat dela".
HAPOk babestutako gunea
2016ko martxoaren 22an onartutako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean "babestu beharreko ondare" gisa dago jasota Grupo San Juan, Zaldibarko frontoiarekin eta Zerrajerako bulegoekin batera (Mondragon hotela). Hori dela eta, bizilagunek uste dute dokumentu horrek "inongo aldaketarik" ez duela eragiten etxe multzoaren babesari dagokionez. "Zati garrantzitsuenak 'moztu' ostean, osoko bilkuran onartutako dokumentuak oinarrizko irizpideak bakarrik jasotzen ditu, hau da, ateei, leihoei edota balkoiei buruzkoak".