San Juan etxe multzoko eraikinak babesteko dokumentua egun indarrean dagoen historia eta arkitektura katalogoaren dokumentazio osagarria izango da. "Bizilagunekin elkarlanean, auzo horretarako babes baldintza batzuk onartu ditugu. Esaterako, ze kolorez margotu daitezkeen fatxadak, leiho-ateak nolakoak izan behar diren eta abar", azaldu du Maria Ubarretxena alkateak.
Oposizioko bi koalizioak abstenitu egin dira. EH Bilduko bozeramaile Maider Morrasek adierazi du hirigintza ikuspegitik ondo dagoela onartutakoa. "Baina arrasatearrek dakiten moduan, auzotarrak arkua botatzearen aurka mobilizatu zirenean, Gobernuak Ekobulebar proiektutik atera zituen. Noiz konponduko du Udal Gobernuak Grupo San Juaneko saneamendua?", galdegin du.
Anuska Ezkurra Udal Gobernuaren bozeramaileak erantzun dio Ekobulebar-a bukatzean helduko diotela gaiari. "Orduan ikusiko dugu ze esku-hartze egin daitezkeen, noiz eta nola. Baina bai, helduko diogu gaiari", nabarmendu du.
Elkarrekin Arrasateko bozeramaile Eva Abuin ere absenitu egin da. "Edukierarekin ados gaude, baina Gobernuak bizilagunekiko izan duen jarrerarekin ez".
Bestalde, onartuta geratu da Arrasaten eguzki-energia hartzeko sistemak instalatzea arautuko duen ordenantza, eta hor ere abstenitu egin dira EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate, "gaia ez delako ganoraz landu oposizioarekin".
TAOren eta Biteriko aparkalekuko txartelen harira, eztabaida
Galdera eta erantzunen tartean, herritar batek kezka azaldu du abenduaren 4an martxan jarriko den TAO sistemaren inguruan. "Ez duzue herritarrengan pentsatu. Izugarrizko nahasmena da, hainbeste kolorerekin. Arazoak konpondu egin behar dira, eta ez sortu", adierazi du.
Ezkurrak eskerrak eman dizkio osoko bilkurara joan eta kezkak udalbatzarekin partekatzagatik. "TAO sistema hau ez da perfektua, baina herritar zati handi baten parte-hartzearekin egin da. Aldaketa guztiak dira zailak hasieran, baina sistema martxan jarriko dugu eta ikusiko dugu zerbait aldatu behar den. Gaiari jarraipena egingo diogu". Era berean, kexa eta ardura guztiak Gobernuari helarazteko gonbita egin dio herritarrari. "Eta guztiak aztertzeko konpromisoa hartzen dugu".
Ondoren, oposizioko ordezkariek hartu dute berba eta Abuinek Biteri parkingeko txartelen gaia atera du. "21 zinegotziok daukagu txartel hori, ez ordaintzea ahalbidetzen diguna. Zentzu horretan, pribilegiatuak gara. Beraz, oposizioko alderdiok uko egin diogu baina Udal Gobernuko zinegotziek erabiltzen dute".
Morrasek gaineratu du EH Bilduk ere uko egin diola txartel horri, "herritarrek dituzten kargak guk ez edukitzea ez litzatekeelako bidezkoa". Nerea Hernandezek badaukala onartu du, "badaezpada, berandu irits daitekeelako lanetik, baina azken urte eta zortzi hilabeteetan ez du erabili".
Ezkurrak nabarmendu du Udal Gobernuko kideek lanerako bakarrik erabiltzen dutela txartela, eta ez dutela "inongo arazorik" hori erakusteko. Alkateak zera gaineratu du: "Aspalditik, agintaldiz agintaldi, egon den aukera bat da. Aurreko agintaldian, Udal Gobernuan sartu ginenean, erregulatu egin genuen txartelen erabilpena, aurretik ez zegoelako erregulatuta. Ordutik, matrikula eman behar da eta agerian jarri zertara zoazen. Beraz, datuak aterako ditugu, noiztik erabiltzen diren txartel hauek eta ze zinegotzik erabili izan dituen. Informazio osoa eman behar da".
Adierazpen instituzionala, hilaren 10eko ekitaldiaren harira
Bizikidetza batzordean landu ostean, udalbatzako alderdi guztien onespenarekin, adierazpen instituzionala eraman dute osoko bilkurara, azaroaren 10ean egingo duten oroimen eta aitortza ekitaldiaren harira.
Ubarretxenak adierazi du bizikidetza arloko gaiak "bereziki garrantzitsuak" direla haientzako. "Mimo handiz zaintzen dugun batzordea da. Beraz, oso pozik gaude ekitaldi hori egingo delako".
Morrasek gaineratu du Bizikidetza batzordean "lan handia" egiten ari direla. "Horrek esan gura du aukerak daudela akordioetara iristeko. Gobernuak gura duenean, gaitasuna dauka akordioetara iristeko, baina beste batzuetan bere kabuz joaten da". Abuinek, era berean, herritarrak gonbidatu ditu hilaren 10eko ekitaldian parte hartzera.
Etxebizitza hutsen mozioa, onartu barik
Azkenik, Elkarrekin Arrasatek Arrasaten hutsik dauden etxebizitza hutsen funtzio soziala bultzatzeko mozioa aurkeztu du, eta EH Bilduk babestu duen arren, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute eta onartu barik geratu da.
EH Bilduk zein Elkarrekin Arrasatek esan dute "arazo larria" dela etxebizitza hutsena. "Argazki orokor bat egiteko eta baliabideak jartzeko eskatzen diegu instituzioei. Borondate politikoa gura dugu".
Udal Gobernuko bozeramaileak, ordea, adierazi du Eusko Jaurlaritza lantzen ari dela gaia, udaletxeetan izango duen eragina aztertzeko. "Arazo larri bat da, baina orain gaia lantzen ari dira Jaurlaritzan. Ogasun batzordean aztertuko dugu bukatzen dutenean".