Lau hitzaldi, Arrasateko iragana astintzeko

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko urr. 28a, 12:32

Bueltan da Arrasate Zientzia Elkarteak antolatutako Arrasateko Iragana Astintzen hitzaldi zikloa eta bederatzigarren edizioa izango da aurtengoa. "Zortzigarrena egin genuenean esan genuen zaila izango zela bederatzigarrena egin ahal izatea eta azkena izango zela hura, baina lortu dugu berriro egitaraua osatzea", adierazi dute. Azaroaren 4an izango da lehen hitzaldia.

Iazko etenaren ostean, zikloa berreskuratu du Arrasate Zientzia Elkarteak, Miguel de Aranburu Elkartearen laguntzari esker. "Elkarte hori Gipuzkoako historia azaltzen saiatzen da. Izan ere, duela 20 urte baino gehiagotik ez dago Gipuzkoako geografia eta historiari buruzko ikerketarik eta historialariek gehiago jotzen dute Arabako eta Bizkaiko historia ikertzera", azaldu du Jose Angel Barrutiabengoak, Arrasate Zientzia Elkarteko kideak.

Haren esanetan, elkarteak hainbat historialari zein antropologo batu ditu, Gipuzkoaren historia azaltzeko eta zabaltzeko. "Haiengana jo genuen eta prest azaldu ziren laguntzeko. Hala, zerrenda bat bidali ziguten, hizlariak izan zitezkeenekin, eta horietatik hiru aukeratu genituen. Izan ere, laugarren hizlaria lotuta genuen ordurako", nabarmendu du.

Lau hitzaldi, askotariko gaiak

Xabier Alvarez erlogugilea da lotuta zuten hori. "Jatorriz Betelukoa den familia erlojugile baten bosgarren belaunaldia da Alvarez eta antzinako erlojuak konpontzen ditu gaur egun". Hala, haren hitzaldiak irekiko du zikloa, azaroaren 4an.

Bigarren hitzaldia Beñat Ugalde oñatiarrak egingo du, historia ikasketak bukatu berritan. "Arrasateko altzairuari buruzko lan bat egin du eta interesgarria iruditu zitzaigun. Beraz, berarekin harremanetan jarri ginen, aztertutakoaren inguruan hitzaldia egin zezan, eta animatu egin da". Era berean, Oñatiko Gure Bazterrak elkarteko kide ere bada Ugalde.

Hirugarren saioa Jokin Lanzen eskutik etorriko da. Antzinaroan doktorea da, Arkeolan fundazioko kidea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea. "Erromatar garaiari buruz egingo digu berba, Arrasate eta inguruetan oinarrituta".

Azken hitzaldia, berriz, Alvaro Aragonek egingo du. "Askotariko liburuak idatzi ditu eta baita hitzaldiak egin ere. 1550. urtetik aurrera, mundu mailako tenperatura jaitsi egin zen eta nekazaritza asko kaltetu zuen horrek. Nekazariek ordura arte parrokiari erosten zioten hazi kopurua jaitsi egin zen. Aragonek azalduko du horrek nola eragin zuen Arrasaten".

Hitzaldi guztiak Kulturateko aretoan izango dira, 19:00etan.

  • Azaroak 4, eguena: Los relojes que sincronizaron nuestras vidas. El reloj de la cerrajera. Hizlaria: Xabier Alvarez (gaztelaniaz)
  • Azaroak 11, eguena: Arrasateko altzairua. Hizlaria: Beñat Ugalde (euskaraz).
  • Azaroak 18, eguena: La epoca romana en Arrasate. Hizlaria: Jokin Lanz (gaztelaniaz).
  • Azaroak 25, eguena: La pequeña Edad de Hielo y la evolución de la agricultura a través del libro de Tazmias, de la parroquia de Arrasate (1550-1830). Hizlaria: Alvaro Aragon (euskaraz).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak