Datorren zapatuan borobilduko dute ikastaroa azkeneko saioa eginda. Maider Alzelai, Doke antzerki taldeko kidea da, ikastaroaren antolatzailea, baina baita parte hartzailea ere, eta pozik dago orain arte jaso dutenarekin; izan ere, dio, dakiena ondo transmititzen jakin duela Ruizek, oso eskuzabala izan dela gaineratuta.
Irakaslea bera ere gustura dago eta taldean sortu den giro ona nabarmendu du. "Oso sentsazio ederra dut. Talde freskoa da eta atmosfera polita sortu dute. Antzerkian elkarrekiko konfiantza behar dugu eta konfiantzazko atmosfera hori sortu da. Oinarrizko erreminta horiek gorpuzten saiatu naiz, alde batetik gorputza landuta, hau da, nola erabili dezakegun gorputza pertsonaiak sortzeko, eta nola erabili ahal dugun ahotsa eta ahots ezberdinak pertsonaiak sortzeko. Teknika horiek eszena konkretuetara eraman ditugu, batez ere, Alberto Sanzol idazlearen eszena batzuk erabili ditugu eta tekniketan ikusitakoa eszena zehatzetan sartu ditugu gero. Beti esan dugu antzerkia egitea lapurretan egitea bezala da, bakarrik egiten ikasi ahal duzulako. Ikastaro oso praktikoa izan da zentzu horretan.
Ondo pasatzeko eta gauza asko ikasteko
Antzerkia aisialdiarekin lotzen da, baina jakina da alor asko lantzeko oso baliagarria dela, hala dio, Ruizen ikastaroan parte hartzen dabilen Eider Armendariz bergararrak. "Askotan gure egunerokoan erakutsi nahi ez dugun gure alde hori ezkutatu egiten dugu eta antzerkiak hori lantzeko aukera ematen dizu; hortaz, mundu guztia animatuko nuke antzerkia probatzera, norbanakoaren gauza asko aurkitzeko aukera ematen dizula".
Bide beretik erantzun du Borja Ruiz irakasleak, antzerkiak errealitateari lotzen zaituela esanez. "Antzerkia fikzio edo artifizio bat dela esaten da, baina nik ez dut horrela ikusten, antzerkiak errealitateari lotzen zaituela uste dut. Zer den gizaki izatea, gizaki izatearekin lotuta dauden gauza guztiak jorratzen ditu antzerkiak, hau da, nola erabiltzen dugun gorputza eta ahotsa komunikatzeko, gure emozioak nola jartzen ditugun komunikatzeko, beraz, errealitateari erabat lotuta dagoen artea da antzerkia. Zentzu horretan gero eta artifizialagoa den gizarte baten gero eta garrantzitsuagoa da antzerkian lana egitea".
Ikastaro gehiago antolatzeko asmoa
Iraupen ezberdineko formazioekin jarraitzeko asmoa dutela azaldu du Alzelaik, egun bakarrekoak edo asteburukoak izan daitezkeenak, arlo ezberdinak lantzeko asmoz, esaterako aurreratu dute clown ikastaro bat egingo dutela laster. Informazioa eskatzeko edo izena emateko, idatzi dokeikastaroak@gmail.com helbidera.
Dena dela antzerkian formatzeko beste hainbat aukera ere badira Debagoienean, Arrasaten gainera, Oñatin eta Bergaran ere badirelako antzerki taldeak. Horiek guztiak, DAP-en –Debagoieneko Antzerki Plataforma– batuta daude gaur egun, eta DAPen eskutik ere eskaintza zabala da. Informazioa eskatzeko idatzi, dantzerkiplat@gmail.com helbidera