Espazio publikoa erabiltzeko ordenantza parte-hartze prozesu bidez osatuko du Arrasateko Udalak

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko urr. 25a, 10:38

Arrasateko Udalak izen-ematea ireki du prozesuan parte hartzeko. Izan ere, eztabaida talde bat sortu gura dute, askotariko profiletako herritarrek osatutakoa. Hala, Arimazubi, Kontzeziño-Erdigune eta Uarkapeko bost pertsonak, ostalaritzako profesionalek, merkatariek eta desgaitasuna duten pertsonen elkarteko ordezkariek osatuko dute talde hori.

Udal Gobernuak azaldu duenez, COVID-19aren pandemiak "aldaketa nabarmenak" eragin ditu Arrasateko espazio publikoaren erabileran; "izan ere, osasun neurriak betetzeko helburuarekin, espazioaren erabilerari buruzko neurriak hartu ziren, herriko hainbat negozio garatzen laguntzeko".

Azken gertakari horiek bultzatuta, eta arlo horretako araudirik ez egonda, hausnarketa-prozesu bat egingo du Arrasateko Udalak, hainbat profil eta interes talderen eta erabiltzaileren artean. "Beharrak, proposamenak eta edukiak batu nahi dira, desberdinen parte-hartzearen bidez, hausnarketa ariketaren bidez sortzen diren adostasun gaiak bilduz".

Horretarako, eztabaidarako lantalde bat sortuko dute, hainbat profiletako herritarrek osatuko dutena:

  • Bost bat pertsona, Arimazubi, Kontzeziño-Erdigune eta Uarkapetik etorriak. "Kuota honetan Arrasateko beste zonalde batzuetako biztanleek ere parte hartu ahal izango dute. Eremu horien parte-hartzeari emango zaio lehentasuna, espazio publikoko bizikidetzari dagokionez tentsio eta deserosotasun gehien sortu diren eremuak baitira".
  • Beste kuota bat Arrasateko ostalaritzako profesionalak diren beste bost pertsonak osatzen dute. "Hemen ere lehentasuna emango zaie lehen aipatutako eremuei, arrazoi berberengatik".
  • Kuota bat egongo da tokiko beste bost bizilagun, tabernari eta merkatarirekin, herriko gainerako zonaldetakoak.
  • Desgaitasuna duten pertsonen elkartearen ordezkaritza ere egongo da (ordezkari bat).

Talde horrek hiru lan-saio egingo ditu ordenantzaren edukiak adosteko eta, horrela, beharrak eta proposamenak profilen arabera jasoko ditu. Saioak azaroaren erdialdetik aurrera egingo dituzte eta abenduaren amaieran amaitu.

Izen-ematea, azaroaren 4ra arte

Zabalik dago izen-ematea eta smartinez@aztiker.eus helbidera mezu bat bidaliz edo 688 648 040 telefonora deituz (Whatsapp) egin daiteke, azaroaren 4a baino lehen. "Ezinbestekoa da izena ematea zehaztutako taldean parte hartzeko. Izena emateko epea amaitzean, izena emandako guztien artean zozketa bat egingo da, eskatzen diren profilen arabera taldeak osatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak