Aste hasieran GOIENAk argitaratu bezala, atzo itxi zituen ateak behin-betiko Nafarroa Hiribideko Lanbideren egoitzak. Astelehenetik aurrera Elma eraikineko beheko solairuan bildu ahal izango dute bailarako herritarrek prestazioari, enpleguari eta prestakuntzari buruzko informazioa.
"Eraikin berriak duintasuna ekarriko dio Lanbideri", adierazi du Lanbideko arduradun den Elena Mondragonek GOIENAri egindako elkarrizketan. Arrasateko PSE-EEko bozeramaile Victor Fuentesek begi onez hartu du bulego berriaren irekiera, eta Debagoieneko herritarren beharrei erantzuteko eman den "lehen urratsa" dela adierazi du. Ez, ordea, azkena. Izan ere, zinegotzi sozialistaren hitzetan "aurrez aurreko arreta-sistema eraldatzeko asmo handiagoko proiektu batekin" zein bulego birtual berri batekin osatuko da Lanbideren sarea.