Elena Mondragon: "Eraikin berriak duintasuna ekarriko dio Lanbideri"

Maider Arregi 2021ko urr. 22a, 13:15

Astelehenean, urriaren 25ean, irekiko ditu Debagoieneko Lanbideko egoitza berriak ateak. Ilusioz eta gogotsu abiatuko dutela etapa berria aitortu du Lanbideko arduradun Elena Mondragonek (1959, Bergara). Mondragonek 39 urte daramatza Lanbiden lanean, eta Gelmakoa Lanbideren laugarren eraikina izango dela azaldu du.

Eraikin berrian azken ukituak ematen jardun duzue astean zehar. Dena gertu?

Hala da; garbiketa eta txukuntze-lan orokorra egin dugu; baita lekualdatzea ere –ordenagailuak eta materiala tokiz aldatu–. Debagoieneko Lanbidek izango duen laugarren bulegoa da Gelmakoa. 20 urte baino gehiago eman ditugu Nafarroa hiribideko egoitzan. Baina ez zen egoitza irisgarria eta kexak genituen. Adibidez, aulki gurpildunean zatozenei ezin genien zerbitzu onik eman eta gu jaisten ginen zerbitzua eskaintzera ahal genuen moduan. Ez zen egokia.

Gelman ere zerbitzu bera emango du Lanbidek? Aldaketarik egongo da?

Zerbitzu berbera eskainiko dugu; gaur egun daukagun funtzionamenduarekiko ez da aldaketarik egongo. Hala, Gelmako eraikin berrian ere Lanbide eta SEPE erakundeen zerbitzuak eskainiko dira, beti egin izan dugun moduan. Lanbiderendako hamaika lagunek lan egiten dugu; SEPErendako, aldiz, bederatzik. Eraikin berrian solairu bakarrean egongo dira bi zerbitzuak. Orain arte, solairu ezberdinetan banatuta egon gara.

Orduan, bi zerbitzu mota eskaintzen dituzue.

Bai, argi utzi nahi dut; izan ere, jendea nahastu egiten da. Lanbide Eusko Jaurlaritzaren eskumena da, transferitutako konpetentzia da; SEPE, aldiz, Madrilgo Gobernuarena da. Hala, SEPEk erretiroa eta langabezia tramitatzen ditu; langabezia kobratzeko, berriz, Lanbiden izena emanda egon behar da.

Eraikin berria irisgarria dela esan duzu. Gustatu zaizu? Nolakoa da?

Asko gustatu zait, oso polita da. Diseinua oso xumea da: dena da matea, ez du marmolik, eta, noski, irisgarria da. Hori izan baita aldaketarako arrazoi nagusia, irisgarria izatea. Duindu egingo gaituela esaten diet lankideei nik; izan ere, Nafarroa hiribideko lokalak ez du duintze horretan batere lagundu. Gainera, egiten dugun lana bistaratu egingo da. Lan asko egiten dugu, eta, nolabait, Lanbidek egiten duen lanaren aitortzaren isla izango da erakin berria.

Lan karga handia, eta herritarrek pazientzia gutxi dutela ere badiozu.

Bai, hala da. Hamar minutu zain egoteagatik erreklamazio orriak ere eskatzen duenik bada! Gero, mahaira etortzeko txanda heltzen zaienean, nahi dute eurei denbora eta arreta ona eskaintzea. Horregatik, besteekiko ere enpatia eta pazientzia pixka bat eskatu nahi diet herritar horiei.

Pandemiaren eragina ere jasan duzue.

Bereziki, SEPE erakundeak. Izan ere, aldi baterako erregulazioak (ABEE/ERTE) tramitatzeko ardura izan dute bertako langileek, eta ugari izan dira bailaran –taberna asko itxi dira...–. SEPEk ordaindu ditu prestazioak. Baina gure arloan ere lan asko daukagu, bai pandemia sasoian, eta baita pandemia etorri aurretik ere; bereziki, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta tramitatzen ibili gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak