300 plaka fotovoltaiko jarri ditu Ikerlanek Arrasateko egoitzan

Mirari Altube Arrese 2021ko urr. 22a, 11:49

Energia eta Potentzia Elektronikako laborategietan jarri dute instalakuntza; hala, energiaz hornitu bitartean ingurumena zaintzeko. Urtean 183.000 kWh sortzea aurreikusi dute eta horri esker, "59 tona CO2 isurtzea saihestu".

Ikerlanek Arrasateko Olandixon duen egoitzan 300 plaka fotovoltaiko jarri ditu, helburua izanik "energia berriztagarriak bultzatzea eta ingurumena zaintzea". Plaka horiek 100 kW arte sortuko dute, eta hala, zentro teknologikoa hornituko du eguneroko jarduera egiteko behar duen energiaren % 20arekin; bien bitartean, urtean 59 tona CO2 isurtzea saihestuko da. Ondoan Taldeko ORGAUS enpresarekin lankidetzan jarri dute eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) inbertsio osoaren %20ko dirulaguntza jaso du.

%90eko aprobetxamendua

Zentro teknologikoaren egoitza nagusiak 800 MWh inguru kontsumitzen ditu urtean. Denbora-tarte horretan, eguzki-panelek 183 MWh sortuko dute, eta Ikerlanek horien % 90 aprobetxatuko du (165 MWh urteko), eta gainerakoa sarera isuriko du.

Energia eta Potentzia Elektronikako laborategietan jarri dute instalakuntza: "Horri esker, proba-banku gisa eta ikerketa-ildoekin lotutako hainbat prototipo eta teknologia erakusle gisa erabil daiteke, hala nola energia-kudeaketa, potentzia-elektronika, biltegiratzea eta digitalizazioa", adierazi dute Ikerlanetik.

Gaineratu dute inbertsio horrekin, "etengabeko bilakaera-prozesuan" jarraitzen dutela energia jasangarritasunerako bidean. Eta gogorarazi dute aurretik beste neurri batzuk hartu izan dituela kooperatibak, besteak beste, ibilgailu elektrikoak kargatzeko bi gune instalatzea, "zero emisioko" auto korporatiboak erostea eta langileen artean partekatutakoak erabiltzea sustatzeko sentsibilizazio-kanpainak. 2019an zentro teknologikoaren egoitza berritu zenean kalitate eta eraginkortasun energetikoaren azken estandarrak kontuan hartuta egin zutela ere adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak