Abenduan jarriko dute martxan TAO sistema, proba modura

Eneko Azurmendi 2021ko ira. 23a, 15:08

Udal Gobernuak jakitera eman duenez, abendu eta urtarril artean jarriko dute indarrean, probaldian, hau da, isunik gabe. Aurrez, urrian eta azaroan, txartelak tramitatzeko epealdia izango da eta urriaren 4tik aurrera egin ahal izango da hori, Olarte kaleko bulego berrian. Aparkatze sistemak bost gune izango ditu, bakoitza bere ordutegi eta tarifekin.

Olarte kaleko 16. zenbakian irekiko duten bulegoan tramitatu beharko da egoiliar txartela, urriaren 4tik aurrera. Aurrez, Udalak TAO sistemaren inguruko informazioa eta egoiliar txartela tramitatzeko inprimakia banatuko du etxebizitza guztietara. "Inprimakia eta dagokion dokumentazioa beteta eramatea gomendatzen da, tramitazioa arintzeko. Bete dutenek postontzi batean utzi ahal izango dute, bulegoan", azaldu du Udal Gobernuak. Bestalde, 943 10 10 06 telefonora deituta eta tao@arrasate.eus helbide elektronikoan ere egin ahal izango dira kontsultak.

Olarte kaleko 16. zenbakian egongo da TAO bulegoa.

Zortzi barrutitan banatu da udalerria: Otalora-Ferixalekua, Garibai, Zarugalde-Munar, Arimazubi, Uribe, San Andres, Zabalgunea-Aldai eta Txaeta. Bertakoentzako txartela lortzeko, barruti horietako batean erroldatuta egon behar da, eta helbide berean erregistratutako ibilgailu baten titularra izan.

Bertakoen txartelen prezioak

Ohiko egoiliarraren lehen txartelak 35 euro balioko du eta bigarrenak 75 euro. Alde zaharrekoak, berriz, lehenak 30 euro eta bigarrenak 60 euro. Bertako merkataritza txartelari dagokionez, egoiliarraren lehen txartelak 35 euro balioko du, bigarrenak 75 euro eta ibilgailu errotulatuenak 35 euro. Alde zaharrean, lehen merkataritza txartelak 35 euro, bigarrenak 60 eta ibilgailu errotulatuenak 30. Guztiak ere, urtero berritu beharko dira. "Egokitu zaien barrutian aparkatu dezakete egoiliarrek eta merkatariek, bai bertakoen gunean, bai TAO arruntaren gunean eta baita TAO luzearen gunean ere".

Bertakoen guneak

Bertakoen gunea zuriz margotuta egongo da, B/R bereizgarriekin, eta astelehenetik egubakoitzera egongo da indarrean, 09:00etatik 13:30ak arte eta 15:30etik 20:00etara. Zapatu, domeka eta jaiegunetan zerbitzua ez da indarrean egongo. "Bertakoentzako txartela izango dutenek aparkatu ahalko dute, bizi diren barrutian soilik, denbora mugagabean", azaldu du Maria Ubarretxena alkateak.

Urdina eta zuria, 'express'-a

TAO express-ak ordutegi jarraitua izango du astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 20:00etara. Zapatuetan 09:00etatik 13:30era eta gehienez 30 minutuz aparkatu ahalko da. "Arrasaten erroldatutako ibilgailuek 15 minutuko tarifa onura izango dute aparkaldi bakoitzeko". Gune horietan ezingo da aparkatu bertakoentzako txartela erabiliz, tiketa atera beharko da. Era berean, TAO express-etik mugituz gero, ezingo da barruti berean aparkatu bi ordu igaro arte.

Arrunta, gune urdina

Astelehenetik egubakoitzera 09:00etatik 13:30ak arte eta 15:30etik 20:00etara egongo da indarrean eta zapatu, domeka eta jaiegunetan ez da aplikatuko. Gehienez 180 minutuz aparkatu ahalko da eta Arrasaten erroldatutako ibilgailuek 30 minutuko tarifa onura izango dute aparkaldi bakoitzeko. Bertakoentzako txartela dutenek TAO arruntean aparkatu ahalko dute, euren barrutian soilik, "denbora mugagabean". Barruti bateko TAO arruntetik eta TAO luzetik autoa ateraz gero, hiru ordu pasa arte ezingo da barruti berera bueltatu.

Doako gunea

Gune urdina eta gorria izango da doakoa, express-aren ordutegi bera izango du eta gehienez 90 minutuz aparkatu ahalko da. Ezingo da aparkatu bertakoen txartelarekin, tiketa atera beharko da.

Tarte luzerako gunea

Arruntaren ordutegi bera izango du eta goizeko edota arratsaldeko txanda lortu ahalko da, tiketa erosiz. Bertako txartela dutenek "denbora mugagabean" aparkatu ahalko dute. Barruti bateko TAO arruntetik eta luzetik autoa ateraz gero, hiru ordu pasa arte ezingo da itzuli. Gune urdina eta berdea izango da hau.

Bestalde, doako bi aparkaleku egongo dira erabilgarri, herribusaren hirugarren linearekin lotuta: Arruena parkean eta Etxagibel Notarioa kalean. 

488 ekarpen baino gehiago

2020ko urtarrilean "partaidetza-prozesu zabal" bat jarri abiatu zuen Gobernuak sistema martxan jartzeko, eta 488 ekarpen baino gehiago jaso zituen. "Hainbat modutan parte hartu zuten herritarrek, gure udalerrian mugikortasun eredu jasangarriagoa eta oinezkoentzat atseginagoa eraikitzeko helburuarekin, autoen fluxua murriztuz". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak