80ko hamarkadako "Euskal Herri zahar, borrokatzaile eta aztoratua" irudikatzen du Manu Gomez (Arrasate, 1973) zinemagileak zuzendu duen lehen film luzeak. Debagoieneko hainbat herritan errodatu zuten, iazko udazkenean, La Canica Films-ek ekoitzi eta EITBren eta RTVEren babesa duen filma.
Zer moduz zaude filma estreinatzeko bezperatan?
Oso ondo nago. Irailaren 22an egingo dugun aurkezpenaren zain. Filma aurkezteko toki paregabea da Zinemaldia, filmaren gaiagatik eta pertsonalki, emozionalki ere bai.
'Zain' hitzarekin, ilusionatuta, pozik ala beldurtuta esan gura duzu?
Beldurtuta ez, ondo ulertzen dut zer den film bat estreinatzea. Gustatuko zaion jendea egongo da eta baita gustatzen ez zaionik ere, eta horretan datza zinema; hau da, filmak ikusleentzako egiten dira eta ikuslea burujabea da erabakitzeko ze iritzi daukan horri buruz.
COVIDak markatu dizuete, neurri baten, agenda, ezta?
Hala da, bai; errodajerako data batzuk genituen eta zientzia fikziozko odisea hau etorri zenean atzeratu egin behar izan genuen, eta askatasun apur bat eman zigutenean aprobetxatu genuen errodatzen hasteko. Bukatu eta segidan beste olatu indartsu bat heldu zen, eta beste konfinamendu bat horren eraginez; hortaz, oso zorionekoak errodatzeko aukera izan genuelako, eta, are gehiago, protagonisten artean 12 urteko lau mutiko dituzunean; izan ere, adin horretan hazten diren abiadura arazo bat izango litzateke filmarentzako errodajea atzeratu behar izan bagenu.
Protagonista nagusiak lau mutiko dira: Marcos (Asier Flores), Jose Antonio (Aitor Calderon), Paquito (Miguel Rivera) eta Toni (Hugo Garcia). Zelan moldatu zara eurekin?
Alfred Hitchcock handiak zioen ez dela haurrekin eta animaliekin errodatu behar; bada, errespetu handiz maisuari, baina haurrekin eta animaliekin errodatu dut, eta esan beharra dut esperientzia oso positiboa izan dela. Haurren casting-a ikaragarria izan zen, 700 haurretik gora ikusi genituen; asteak egin genituen haurrak elkarrizketatzen eta probak egiten. Magia sortu zen lau mutikoak agertu zirenean, nire imajinarioan nituen ezaugarriak betetzen zituzten. Oso arina, fluidoa, izan zen dena, ez daukat errodajeko oroitzapen txarrik non haurrek ez zuten pertsonaiek behar zuten dena ematen.
Zenbateraino sentitzen zarete islatuta lau mutiko horietan zu eta haurtzaroko zure lagunak?
[Barre] Egia esan, gauza askotan. Filmak ñabardura autobiografiko asko ditu. Frankenstein moduko bat da; hau da, lau mutiko euren bizipenekin eratu ditugu Arrasateko nire haurtzaroko oroitzapenetatik elikatuta. Inor ez da pertsonaia zehatz bat, ni hazi nintzeneko jende askoren emaitza dira pertsonaiak.
Zenbat du filmak fikziotik eta zenbat Manuren bizipenetatik?
[Barre] Marcos txirrindularia da eta horrek asko du Manutik; izan ere, beti esaten dut txirrindularitzarekiko frustrazioaren ondoren heldu zela zinema nire bizitzara, txirrindulari profesionala izatea zen-eta nire ametsa. Kirolarekiko frustrazioa nahiko agerian geratzen da filmean; hori horrela, kasu horretan, Marcos pertsonaian nire asko dago. Zenbat eta gehiago saiatu txirrindularitza arloan, orduan eta txarrago joaten zaio.
Haurtzaroko zure lagunak ere islatuta sentituko direla uste duzu?
Ba, espero dut zartakorik ez ematea filma ikusten dutenean.
Zergatik diozu hori? Larregi kontatu duzulako?
Ez, ez dut larregi kontatu, ez; azken finean, Érase una vez en Euskadi fikzioa da eta hainbat lizentzia hartu behar dituzu gidoia idazterakoan kontakizunak ikuslea harrapatu dezan.
Zer gustatuko litzaizuke publiko orokorrari transmititzea?
Gertatu zen eta gertukoa den istorio bat ikus dezatela.
Eta zer garai hura bizi izan zutenei?
Ikusten da begirada atzera eginda haurtzaro oso berezia bizi izan genuela denok. Gertakari oso gogorrak izan ziren, elementu gogor asko genituen inguruan: ETAren terrorismoa, punk mugimendua, jende asko aurretik eraman zuen hiesa... Horrenbestez, jolastu nintzen kaleetara itzultzea eta jaio eta hazi eta pozik bizi nintzen herrian errodatu ahal izatea esperientzia oso atsegina izan da niretzako, eta gertukoak eta garai hura bizi zutenak ere istorioarekin identifikatzea espero dut.
Maketoa sentitzen zinen? Eta gaur egun?
Kontua da garai hartan ez nintzela maketo sentitzen, baizik eta maketoa nintzela. Maketoa-ren definizioa oso argia da: nahiz eta Euskal Herrian jaio, gure jatorriak beste toki batzuetatik zetozela. Sekula ez dut izan harreman negatiborik maketo hitzarekin. Ez nuen garai hartan izan eta ez daukat gaur egun ere. Maketo hitza irain moduan erabiltzen zutenak bazeuden, eta gezurra esango nizuke hori bizi ez nuela esango banizu, baina nire asmoa ez da garai hartako erradiografia soziopolitikoa egitea, ezta gutxiagorik ere. Hala balitz, dokumental bat egingo nuke, eta ez dut inongo gogorik ezer aldarrikatzeko aspektu horretan.
Madrilgo La Canica Films ekoiztetxearekin egin duzu. Aske izan zara kontatu nahi zenuen istorioa nahi zenuen moduan kontatzeko?
Aspaldiko harremana dut ekoiztetxearekin; izan ere, filmek denbora bat behar izaten dute ideia aurkezten duzunetik filma egiten den arte. Hasieratik gustatu zitzaien gidoia eta elkarrekin landu dugu gero; sormen askatasun osoa izan dut. Gehienetan, egin ahal dituzun filmak egiten dituzu, eta ez egitea gustatuko litzaizkizukeenak, horretan datza borroka. Ni ez naiz Almodovar eta ez ditut gura beste aste errodatzeko. Aurrekontu eta finantzaketa bat dago eta horiek dira dituzun tresnak eta baliabideak. Hori horrela, emaitzarekin oso gustura nago; nik egin nahi nuen filma da.
Zenbat aldiz ikusi duzu dagoeneko?
Milaka aldiz, ez naiz esajeratzen ari. Ordubete eta 34 minutu irauten du eta osorik askotan ikusi dut, eta baita pasarteka ere. Sekuentzia bakoitzari mila buelta eman dizkiot. Lau hilabetean muntatu dugu.
Aske sentitu zara muntatzen ere?
Bai, horixe; aurrez aipatutako mugak izan arren– COVIDa eta denbora–, oso aske sentitu naiz.
Zer dio talde teknikoak?
Osasun krisiaren eraginez, talde teknikoko jende gutxik ikusi dute, oraingoz. Aktoreentzako emanaldi bat egin genuen, baina ez zuten etortzeko aukerarik izan guztiek, baina, orokorrean, feedbacka positiboa, izan zen.
Aktoreen artean zure lehengusu Yon Gonzalez bergararra dago. Beretako ere gertuko istorioa, ezta?
Hainbat urtetako aldea dugu, eta, hortaz, berak ez zituen urterik gogorrenak bizi izan –80ko hamarkadakoak–, baina istorioa gertutik sentitu du, noski.
Beste lan batzuetarako baino gutxiago dokumentatu behar izan duzu, ezta?
Ez, dokumentatu behar handirik ez dut izan, baizik eta begirada atzera botatzea.
Aurreratuko diguzu filmean agertzen den pasarteren bat?
Asko borrokatu nintzen Alai zineman errodatzeagatik, han gaztetxe bat egin gura nuen; izan ere, 80ko hamarkadan Gurea zinema izan zen Arrasateko lehen gaztetxea. Gogoan dut gaztetxe hartara sartzen ginela eta nola garai baten zinema zena nola zegoen gaztetxe bihurtuta. Oso gogoan dut Gurea zineman zapatuero filmak ikusten nituela. Gogoan ditut zine hartako leihatilako emakumeak. Oso presente ditut haurtzaro garaiko toki guztiak, beti izan ditut,baina orain, han errodatuta, are gehiago. Oroitzapen batek bestera eramaten zaitu, eta hala dago filma eginda, oroitzapen batek beste batera eramanda eta horiek lotuta.