Hogei urtetik gorako eskarmentua du arrasatearrak zinemagintzan, eta "gogotsu" heldu dio erronka berriari: Érase una vez... Euskadi berak idatzi eta zuzenduko duen lehen film luzea grabatzen ari da jaioterrian. "Nire haurtzarora itzuliko naiz. Hazi nintzen kale horietara. Istorio honen helburua da 12 urteko lau haurren ikuspegitik 80ko hamarkadako Euskadi hura aztertzea. Aztarna handia utzi zidan garai hark", azaldu du Manu Gomezek.
1985eko udako oporraldian girotuta dago, baina ez du herri zehatz batean kokatu. "Orduko Gipuzkoako edozein herri izan daiteke, ez dago zehatz Arrasaten edo bailaran kokatuta. Punk musika garrantzitsua da filmean, eta baita heroina eta kooperatibak ere. Stand by me (Rob Reiner 1986ko) eta Érase una vez en América... (Sergio Leone, 1984) filmen nolabaiteko antza du".
Arrasaten eta Oñatin ari dira Gomezen Erase una vez... Euskadi grabatzen
Film korala
Andaluziatik migratutako gurasoak dituzten Marcos, Jose Antonio, Paquito eta Toni dira protagonistak; Asier Floresek (Dolor y Gloria), Aitor Calderonek (Que Dios nos perdone), Miguel Riverak (Dos amantes) eta Hugo Garciak interpretatutakoak. "Ikasturtea bukatu eta heldu dira azkenean udako oporrak. Oporraldi gogoangarria izango dela uste dute, baina gero, ez da hala izango".
Lau mutiko horiez gainera, izen handiko aktoreak daude; besteak beste, Gomezen lehengusua den Bergarako Yon Gonzalez, Josean Bengoetxea donostiarra, Luis Callejo, Marian Alvarez, Ruth Diaz, Aron Piper, Pilar Gomez, Vicente Vergara, Vicente Romero, Maria Isasi, Maria Alfonsa Rosso, Rafa Martin, Eriz Alberdi eta Betiza Bis- mark. "Oso korala da, lau mutikoak eta horien gurasoak, anai-arrebak... ere badaude".
Arrasaten abiatu zuten astelehenean
Asko aldatu da Euskal Herriko herrien itxura. Horregatik, "herri askorekin bat" sortu dutela azaldu du Gomezek. Zazpi aste iraungo du grabaketak eta 100 lagun inguru arituko dira. Debagoienean, oraingoz, Arrasaten eta Oñatin ari dira; Soraluzen eta Eibarren ere izan dira asteon.
Filmak ikusmin handia sortu du; horren erakusle da alde zaharreko Ferreriasen eta Erdiko kalean eta Nafarroa etorbidean, Debagoieneko Mankomunitatearen egoitza inguruan, bildu den jendetza: horietako asko gustuko duten aktore izarra gertutik ikustera hurbildu dira; beste asko kamera aurrean agertzera ere animatu dira.
Garai batean Ferreriasen zegoen Jovi margo dendaren lokala King's ile-apaindegi bihurtu du Gomezen taldeak, hormetako paperak, aulkiak, ile-lehorgailuak eta garaiko afixak erabilita. Eta Erdiko kalean dago filmeko Aitor etxetresnen denda, Modas Mercheren lokal ohian. "Uztail hasieran etorri ziren nire familiarena den lokala erabiltzeko baimena eskatzera. Hamar bat egunerako beharko dutela esan ziguten, eta abuztu erdialdean eman genien giltza, dekoratuak atontzen hasteko. Ez nuen Manu ezagutzen aurrez, baina berak ni bai; gazteagoa zela jostailuren bat edo beste saldu nion, antza. Egunerokotasunetik ateratzeko politak dira halako gertakariak. Ikaragarria da minutu batzuk grabatzeko atzean dagoen lana. Ondo ari dira portatzen", dio Zur Lur jostailu dendako Juan Manuel Axpek.
Oñatin, asteburuan
Aozaratza kaleko Orueta etxean ere grabatuko dute. Atzo, eguena, hasi eta domeka bitartean izango dira beheko eta lehenengo solairuetan; hasiera batean, barruko irudiak bakarrik filmatuko dituzte. "Lokalizazio arduraduna laguntza eske etorri zen uztailaren bukaeran kultura etxera, 80ko hamarkadako itxura duen etxe baten bila ari zirelako. Herrian ibilalditxo batzuk egin genituen elkarrekin, eta ezagutzen nuen Orueta etxearen jabeekin harremanetan jarri nuen gero, eta euren artean adostu zuten baimena. Sare elektrikoa oso zaharkitua du, eta konpontzen laguntzen saiatu gara Udaletik", azaldu du Kultura zinegotzi Iñaki Olaldek.
Ultzegin kaleko hainbat aparkaleku zine-taldearentzat gorde dituzte; hori horrela, Kalegoieneko lur azpiko aparkalekua ireki eta libre utzi du Udalak, atzotik domekara bitartean.
Lau haurren ikuspegitik 80ko hamarkadako Euskadi aztrtezea da filmaren asmoa
La Canica Films-ek ekoiztuta
Zinegile gazteen aldeko apustua egiten duen La Canica Films-ek ekoitzi du, Erase una vez mi cuadrilla AIEren laguntzarekin, eta EITBren eta RTVEren ba- besa du. Ibilbide handiko profesionalekin osatu dute lantalde teknikoa; horien artean daude: Almodovarrekin lan egiten duen Antxon Gomez zuzendari artistikoa; Javier Salmones argazki zuzendaria; eta Josune Lasa jantzien arduraduna.