Azken aldiko "eraso faxistak" salatu ditu 'Gora Arrasate!' ekimenak

Uxue Igarza Loiola 2021ko ira. 19a, 13:50

Tropa frankistak bailaran sartu zirela 85 urte betetzear dauden honetan, Gora Arrasate! ekimenak atzo VOX-ek herrian egindako agerraldia salatu du. Halaber, azken hilabeteetan Euskal Herrian egin diren eraso faxistak ere salatu dituzte.

Elkarretaratzearen osteko hitzartzea ultraeskuindarrek egindako mobilizazioa "probokazioa" izan zela azalduz hasi du Gora Arrasate! ekimeneko ordezkari Inesa Ugaldek: "36ko gerran erail, fusilatu eta desagertutako debagoiendarren 124 izenak oroitzen diren plaza honetan elkartu ziren. Hori probokazio gisa baino ezin daiteke hartu".

Hain zuzen ere, horixe salatzeko batu dira Arrasateko herritarrak eta eragileak gaur. "Eraso faxisten aurrean atzo arte bezala gure borroketan berresten garela adierazi nahi dugu", adierazi du Ugaldek. Gainera, gehitu du atzokoa ez zela "kasu isolatua" izan: "Azken aldian eraso faxista ugari ikusten ari gara Euskal Herrian: eraso homofoboak, matxistak, arrazistak, transen eskubideen kontrakoak, euskararen kontrakoak, memoria historikoaren kontrakoak…"

Nolanahi ere, Gora Arrasate! ekimenak argi utzi nahi izan du "giza eskubideen alde" borroka egiten jarraituko duela, eta eragileak "behar beste aldiz" irtengo direla presoen eskubideen alde egitera: "Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen eta etxeratzearen alde lanean jarraitzen duen herria garela erakutsi genuen atzo. (…) Gure eskubideen alde borrokatzen duen herri bat dagoela aldarrikatzera etorri gara gaur".

Datorren domekarako deialdia

Hitzartzearen bukaeran deialdia egin dute datorren domekako hitzordura bertaratzeko. 1936ko irailaren 26an iritsi ziren Debagoienera tropa faxistak; duela 85 urte, alegia. Urteurrenean, Intxorta Kultur Elkarteak bailarako Udalekin, Aldundiarekin eta Gogora institutuarekin batera, ekitaldia egingo du errepresaliatutako pertsona guztiak gogoan izateko. Bertsolariak, dantzariak, musika banda eta abeslariak izango dira bertan, eta errepresaliatua izan zen herri bakoitzeko pertsona batek edo senideek hartuko dute hitza. Ekitaldia Arizmendiarrieta plazan izango da, 12:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak