Zuntza2021 taldeak azaldu du uztailaren erdialdean sartu zuela BAZen zuntzaren instalazioak zeraman atzerapenaren inguruko azalpen eskaera bat, Udal Gobernuari zuzendua. "Erantzuna idatziz egotea eskatzen genuen, modu ofizial batean, eta ez genuen ezer jaso. Horren ordez, beste bilera batera joateko eskaintza jaso genuen, baina gure ikuspegitik, bilera horietan parte hartzeak baino askoz garrantzia handiagoa du, honezkero, idatziz azalpenak modu ofizialean jasotzeak. Bileretako hitzek balio handirik ez daukatela ikusi dugu eta".
Iruditzen zaie Udal Gobernuak ez dituela serio hartzen alde zaharreko herritarrak: "Mas Moviletik ez dugu erantzunik jaso, orain dela hainbat hilabete baimenak sinatu arren, eta horren aurrean, alkateak prentsaurrekoan epeen inguruan egia esan ez zigula dirudi".
Salatu dute, halaber, galdezka joaten udaletxera galdezka joaten diren herritarrak Zuntza2021 taldera bideratzen dituztela. "Hori oso larria dela uste dugu, guk ez daukagulako inolako informazio ofizialik edo aktarik; eta ez daukagulako ardurarik instalazio prozesuan. Zuntza2021 herritar plataforma bat da, erdiguneko arazo bat publikoki mahai gainean jarri duena eta konponbideak exijitu dituena".
Hori dela eta, "idatziz eta publikoki", Udalak instalazio prozesuaren berri ematea eskatzen dute, "atzerapenaren zergatia, benetako epeak, plangintza, prozesuaren momentuko egoera eta abar". Bestalde, iragarri dute mobilizazioak hasiko dituztela ez badute "aurrerapen zehatzik" ikusten "epe laburrean".