Eskolara oinez, jasangarritasuna helburu

Eneko Azurmendi 2021ko ira. 16a, 08:56
Bi ikasle, eskolara bidean, oinez, Otalora Lizentziaduna kalean.

Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat eginez, gaur hasi eta irailaren 22ra arte, Eskolara Oinez ekimenean murgilduko dira Arrasate Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleak, helburu argiarekin: eskolarako bidea motordun ibilgailuak alde batera utziz egitea. Halaber, herribusa doakoa izango da aste osoan.

Zazpigarren urtez egingo dute Eskolara Oinez ekimena eta, aurten ere, Udalako Ingurumen Eskolako irakasleek bi ibilbide gidatuko dituzte Arrasate Herri Eskolara joateko. Bata Biterin hasiko da eta, bestea, San Andres auzoko Kurtzetxiki plazan.

Udalako Ingurumen Eskolako irakasleek eskolara oinez joatearen alde onak eta motordun ibilgailuak alde batera uztearen abantailak nabarmendu gura dizkiete ikasleei eta, horrekin batera, sentsibilizatu.

Ingurumen eskolako ikasleek diotenez, eskola etxetik "nahiko hurbil" daukaten ikasle gehienak oinez joaten dira. "Beste batzuetan, urrutiago geratzen diren eskoletan eta oinez iristea deserosoagoa den kasuetan, autobusa erabiltzen da gehiago. Egia da, kasu askotan gurasoek autoa ere erabiltzen dutela erraztasunagatik-edo. Batzuetan egoten dira auto mugimendu nahiko handiak eskola sarrera eta irteera orduetan, eta uste dugu oro har, ez dagoela kontzientzia handirik egoera horiek sortzen duten arriskuez eta eraginez", nabarmendu dute.

"Osasuntsua eta iraunkorra" da

Oinez joateak hainbat onura dituela adierazi dute ingurumen eskolako irakasleek. "Ez du kutsatzen eta, era berean, ariketa fisikoa egiten da. Merkea da eta herria edo auzoa ezagutzen duzu". Horrez gain, lagun artean joanda, eskolako bidea "sozializatzeko eta harremanak estutzeko momentu polit bat" izan daitekeela uste dute. "Gainera, komunitaterako ere baditu onurak, eskola ingurua seguruagoa bihurtzen delako, motordun ibilgailuen joan etorriek sortzen duten arriskutik libre".

Hiri eta komunitate jasangarriei buruz 

Gaineratu dutenez, ikasturte honetan hiri eta komunitate jasangarrien gaia landuko dute Eskolako Agenda 2030 proiektuan, Garapen Iraunkorreko Helburuetan. "Hiriak eta kokaguneak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izatea lortzea izango da proiektuaren xede nagusia eta eskolara oinez egitasmoak guztiz bat egiten du helburu horrekin".

Herribusa, doan

Bestalde, gaurtik datorren eguenera arte herribuseko hiru lineak doan erabiltzeko aukera izango dute herritarrek. "Hala, garraio publikoa ezagutarazi eta bere abantailez ohartaraztea du helburu Udal Gobernuak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak