Berriztutako egoitza estreinatu du Emausek

Xabi Gorostidi 2021ko ira. 14a, 10:31

Hilabate eta erdiz aritu dira Arrasateko Bidekurtzeta kaleko egoitza moldatzen, eta atzo ireki zituzten ateak berriz. Espazio gehiago du, eta kolore zuriarekin eta berrerabilitako materialekin jokatu dute espazio berriari nortasuna emateko. Emaus kubora izena jarri diote.

Bigarren eskuko produktuen salerosketa gune bat baino zerbait gehiago izateko grinak bultzatuta, Arrasateko Eco Center egoitza moldatzeari ekin zioten Emaus taldeko lagunek, eta egoitza berria errealitate da atzoz geroztik. Dekorazio kontzeptu berri bat aplikatu dute, bezeroentzako eta erabiltzaileentzako gune atsegin bat sortzea lortuz. "Etika, estetika eta emozioa dira proiektu hau egiteko kontuan hartu diren irizpideak, eta hortik dator Emaus kubora. Dekorazio-kontzeptu berri bat bilatzen du, Debagoieneko eskualdeko bezeroengandik eta lagunengandik gertuago egoteko. Lehengai nagusia, Emausen ohikoa den bezala, giza faktorea izan da; izan ere, laneratze-enpresan lan egiten duten langileek egin baitute eraldaketa-lana" azaldu du elkarteko arduradun Begoña Cabaleirok.

Eskaintza zabala

Eko Center-ean, objektu bereziez gain, emakume eta gizonen moda, haurren moda, liburuak, altzariak, bazar-gaiak, edo jostailuak aurki daitezke, besteak beste. Bigarren eskuko etxetresnak dituen gune bat ere badago. Sare Teknikaren eskutik formazioa jaso duten Emauseko langileek konpondutako eta gainbegiratutako garbigailuak eta telebistak daude bertan, eta urtebeteko bermea eskaintzen diete erosleei.

Beste gune batean, aldiz, altzari zirkularren eskaintza dago, non Emauseko langileek eskuz eraberritutako altzariak eskaintzen diren. 

"Arrasateko Eko Center-aren erreformak, halaber, bezero gehiago bilatu nahi ditu formatu berri horrekin. Dagoeneko maiz etortzen direnez gain, jende gehiago erakarri nahi dugu kontsumo jasangarrira eta solidariora. Azken finean, ekonomia zirkularrean eta solidarioan oinarrituta dagoen mundu hobeago bat bilatzen duen formula bat eskaini nahi diogu jendeari, mundua apur bat hobetzea helburu duena. Irabazi asmorik gabeko erakundea gara, eta gure bilketek eta salmentek gizarteratzeko lanpostuak sortzeko eta mantentzeko balio dute.  Une honetan, hamaika lagunei ematen diegu lana" azaldu du Cabaleirok.

Ordaintzeko gunea, garbigailu zaharrez eginda. 

Askotariko aldaketak

Orokorrean, ukitu minimalista da nagusi, eta alde kromatikoak badu bertan zerikusia. Egoitza zaharrean kolore berdeak protagonismo handia zuen, eta berrituan, aldiz, kolore zuria da nagusi. Berrerabilitako materialek berebiziko garrantzia hartu dute. Ordainketak egiteko guneko mahaia arropa garbigailu zaharrez eginda dago, adibidez. Horrez gain, badago liburutegi bitxi bat; hiru hozkailu zahar elkartuz sortu dute, eta bertako apalak liburuz bete dituzte.


Hozkailuekin egindako liburutegia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak