"Oso harrera ona" izan dute Arrasateko kanpoko igerilekuek

Eneko Azurmendi 2021ko ira. 8a, 12:12

Aurtengo udak "oso datu onak" eman ditu Arrasateko kanpoko igerilekuetan, izan ere, uda osoan 27.281 hitzordu inguru eskatu dituzte abonatu eta saldutako sarreren artean, iaz baino 7.891 gehiago (%40,7). Bestalde, 23 ikastaro eskainiko dituzte 2021-2022 ikasturtean Musakolan zein Uarkapen, eta hiru berrikuntza egongo dira.

27.281 hitzordu horietatik 5.806 goizean hartu dira eta gainontzeko 21.475 hitzorduak, arratsaldez. Uztailean hartu dira hitzordu gehienak, 14.647 (3.299 goizez eta 11.348 arratsaldez). Jende gehien ibili den eguna uztailaren 22a izan zen, 995 erabiltzailerekin. "Oso positibotzat hartzen ditugu kopuru horiek. Uztaila izan da hilabeterik onena, baina ekaineko hamar egunetan ere datu onak izan genituen. Gainera, edukiera handiagoa izanik, sarrerak ere saldu ditugu eta hor ere oso ona izan da jendearen erantzuna", azaldu du Ander Garay kirol zinegotziak. Izan ere, 1.589 sarrera saldu dira (283 ekainean, 587 uztailean eta 718 abuztuan). Irailaren 19ra arte egongo dira zabalik kanpoko igerilekuak.

Era berean, haurrentzako igeriketa ikastaroak ere abian dira. Astean egun bat edo bi egiteko aukera dute 4 urte arteko haurrek eta Marmokek, Izokinak eta Marrazoek ohiko jardunari eutsiko diote. Izen-ematea irailaren 17ra arte dago zabalik. Behin behineko zerrenda irailaren 20an argitaratuko da eta zozketa irailaren 22an egingo dute, ikastaroak urriaren 4an hasteko.

Aitziber Muñoz udal teknikaria eta Ander Garay kirol zinegotzia, prentsa agerraldian.

Bestalde, Santa Marina eta Villa Amparoko ur-parkeek ere oso harrera ona izan dute. "Jende asko ibili da bietan. Gainera, ikusi dugu oso erabilera ezberdina egiten dela batean zein bestean. Santa Barbarakora egun osorako joaten da jendea eta Villa Amparokora, momentuko uneaz gozatzera. Bestalde, azken horretako erabiltzaileen adina asko jaitsi da, ume txikiak ere ikusi direlako. Beraz, oso pozik gaude", dio Garayk. Oraindik ere egunero daude erabilgarri, goizeko 10:00etatik iluntzeko 20:00etara, eta irailaren 30ean itxiko dituzte. 

23 ikastaro eta hiru berrikuntza

Udako denboraldia amaitzear, Arrasateko Udalak dagoeneko prest du 2021-22 ikasturteko kirol eskaintza berria Jardun zure alde, osasunez lelopean, "segurtasun neurri oro betez, baina aldi berean arrasatearrei kalitatzekoa eta anitza den eskaintza emanaz".

Musakolan honako ikastaroak egongo dira aukeran: Pilates, Pilates terapeutikoa, Yoga, Body Balance, Egokitua, K-strech, Kore-stretching, Krossfit, Zumba, Spinning, Body Pump, Spinning Pump, Jumping, Zunba gazteak, Spinning Gazteak eta Gimnasia + 60. Halaber, uretako hainbat jarduera ere bai: Aquagym, Matrogym, helduen igeriketa, haurtxoen igeriketa eta igeriketa egokitua.

Uarkapen, berriz, K-strech eta Hipopresiboak egongo dira aukeran.

Esan moduan, hiru berrikuntza egongo dira ikasturte berri honetan: core-stretching-a, k-strech-a Musakolan eta outdoor crossfit-a.

Lehenari dagokionez, gimnasioetan "egunetik egunera ohikoagoa" den diziplina bat da. "Funtsean, yogatik, gimnasia tradizionaletik eta dantza klasikotik eratorritako ariketa ezberdinen errutina da. Mugimendu leunak dira, denborarekin muskuluen malgutasuna hobetzen dutenak".

Bestalde, Uarkapen dagoeneko eskaintzen den k-strech ikastaroa Musakolan ere sustatu gura dute. "Gorputza berrorekatzeko metodoa. Gorputzak bere funtzionaltasuna eta eraginkortasuna berreskuratzea du helburu. Hamaka posturalean, kate muskularrak, artikulazioak eta arnasketa lantzeko ariketen bidez".

Azkenik, aire zabaleko crossfit ikastaroa berreskuratu dute. "Intentsitate altuan burututako ariketa funtzional desberdinen bitartez, indarra eta egokitzapena landuko dituen entrenamendu sistema da. Jarduera honek kanpo aldean egitearen abantaila izango du".

Kirol zinegotziak onartu duenez, erabiltzaileak interes handia erakusten ari dira. "Ikusten dute normaltasun baterantz goazela eta ikusten dute, halaber, kiroldegia segurua dela". Hala, izen-emateak nahiko aurreratuta daudela nabarmendu du. "Ez gara iritsiko pandemia aurreko datuetara, baina ez gara urruti ibiliko".

Ate irekiak irailaren 13an, 14an eta 15ean 

Ikastaro horien gaineko informazio osoagoa ate irekietan emango dute, irailaren 13an, 14an eta 15ean, eta diziplina guztiak probatzeko aukera egongo da. Edozelan ere, aurrez izena eman beharko da 943 25 20 30 telefonora deituta.

Honakoak dira ordutegiak:

Irailak 13, astelehena: K-strech (08:30), Pilates (09:15), Hipopresiboak (09:30), Core-stretching (10:15), Zunba (10:30), K-Strech (10:30), K-Strech (11:15), Pilates (15:00), K-Strech (17:15), Pump Spinning (17:30), Pilates terapeutikoa (17:30), K-Strech (18:15),
Zunba (18:30), Spinning (18:00), Yoga (18:30), Core-Stretching (19:30) eta Pilates (19:30).

Irailak 14, martitzena: K-Strech (08:15), Pilates (09:15), K-Strech (09:30), K-Strech (10:15), K-Strech (10:30), Pilates (15:00), K-Strech (17:15), Spinning (17:30), Pilates terapeutikoa (17:30), Jumping (17:30), K-Strech (17:30), Hipopresiboak (18:15), Spinning (18:00), Body Pump (18:30), Crossfit (19:30), Balance (19:30) eta Pilates (19:30).

Irailak 15, eguaztena: Pilates (09:15), K-Strech (09:30), Yoga (10:15), Zunba (10:30), K-Strech (10:30), K-Strech (11:15), Crossfit (12:00), Pilates (15:00), K-Strech (15:00), Hipopresiboak (17:15), Pump Spinning (17:30), Pilates terapeutikoa (17:30), Zunba gazteak (17:30), K-Strech (18:15), Zunba (18:30), Spinning (18:00), Yoga (18:30), Core-stretching (19:30) eta Pilates (19:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak