Komun berriak jarri dituzte Erguingo Herri Eskolan

Hasier Larrea 2021ko ira. 8a, 09:48

Ikasturte hasieran berrikuntzak aurkituko dituzte ikasleek eraikinean. Lehenengo solairua 9 komun izatetik 17 izatera pasa da; bigarren solairuko 9 komunak mantendu egin dira, erabiltzaile ororen mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatuz.

Erguingo herri eskolako komunak berriztu dituzte udan zehar. Arrasateko Udaleko Hezkuntza Sailak aurten egindako inbertsiorik potoloena izan dela adierazi du Edurne Unamuno Hezkuntza zinegotziak. Aurrekontua 151.958,79 eurokoa izan da (BEZ gabe), eta Construcciones Aplibur SL enpresa arduratu da lanak burutzeaz.

Pandemia aurretik hasi nahi zituzten obrak. “Interbentzio handiak zirenez, bi fasetan egin nahi genuen, baina COVID-19ak galarazi zigun”, aipatu du Iratxe Salaberriak, Erguingo Herri Eskolako ikasketa buruak. Ondorioz, aurtengo udara atzeratu eta fase bakarrean burutu dituzte lanok.

Ikasturte berria hasiko dute gaur, baina irakasleak lanean hasiak dira dagoeneko. Lehen egunean sorpresa polita hartu zutela adierazi du Salaberriak: “Umeek disfrutatuko dutela uste dut; espazio zabalagoak dira, komun argiagoak, eta lehen zegoen usaina jadanik ez dago orain”.

Bi solairutan egin dituzte egokitzapenak; lau eremutan, zehazki. Eremu bakoitzak irisgarritasun komun bat du, eta tamaina desberdinetako konketak adin guztietako ikasleen mesederako.

Jagolearen etxea, obretan

Eraikin hori hutsik zegoela-eta, ohiko gelak baino txikiagoak diren txokoak bertan eraikitzea ere eskatu zuten Herri Eskolakoek: “Laguntza handiena behar dutenei begira”. Abuztuan ekin zieten lan horiei, eta aurreikuspenen arabera, irailaren 17rako amaituko dituzte, klaseak goiz eta arratsaldeetan ematen hasten direnerako, alegia.

Halako interbentzioekin Udalaren helburu nagusietako bat  betetzen dela aipatu du Victoriano Fuentesek, Obra, Zerbitzu, Mantenu eta Auzoetako zinegotziak: "Arrasatearrei kalitatezko azpiegiturak eskaintzeko dihardugu lanean; Erguin eraikineko kasuan, erabiltzaileei kalitatezko instalazio berrituak eskaini ahal izango dizkiegu”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak