Alzheimerra dutenei zuzendutako tailerra Arrasaten, Afagik gidatuta

Eneko Azurmendi 2021ko ira. 6a, 15:01

Alhzeimerra diagnostikatuta daukaten hiru emakume, taller batean. Argazkia: Afagi elkartea.

Sei proiektu aukeratu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiaren Aurrekontu Irekietan, eta horietako bat alzheimerra diagnostikatu dieten pertsonentzako psikoestimulazio tailerra abian jartzearena izan da. Hala, Afagi elkarteak gidatuko ditu saioak, Etxaluzen.

Oraindik data zehatzik ez dute, baina irail bukaeran edo urri hasieran hasiko dituzte saioak, Etxaluze eraikinean, eta astean bi saio egingo dituzte, astelehen eta eguaztenetan, "seguruenik, 11:00etatik 12:30era", Afagi elkarteko psikologo Alaitz Iriartek azaldu duenez. Alzheimerra eta antzeko gaixotasunak dituztenen eta haien familien egunerokoa hobetzeko asmoarekin egiten dute lan elkarte horretan, eta, bide batez, "gizarteari familia hauek bizi dutena ikusarazten" saiatzen dira. Elkarte horrek emango ditu, hain zuzen, estimulazio tailerrak.

Hamar hilabete iraungo dute saioek eta tarte horretan izena emateko aukera egongo da, momentuan dagoen plaza kopuruaren arabera. "Tailerrak hasi aurretik, halere, pertsonek eurek eta senideek gurekin egon behar izaten dute, eta, guk haiei informazioa emateaz gain, kasua aztertzen dugu. Hala, zenbait baldintza betetzen dituztenek jaso ahal izaten dituzte tailerrak", gaineratu du Iriartek.

Arrasate pasealekuko 3. atarian arreta psikosoziala eskaintzen du elkarteak, eguaztenetan, eta hor egiten dute aipaturiko azterketa lana. Horretarako, baina, aurrez hitzordua eskatu behar da, 943 29 71 18 telefonora deituta edo www.afagi.eus webgunearen bitartez.

Debagoiendar guztiei zuzenduta

Arrasatearrei bakarrik ez, debagoiendar guztiei zuzendutako tailerra izango da. Izan ere, Afagik eskualdeka ematen ditu saio hauek Gipuzkoa osoan. "Tolosaldea eta Debagoiena falta zitzaizkigun eta lortu dugu taldea osatzea, estimulazio tailerrak probintzia osora zabalduz. Tailer honek familia askoren beharrei erantzungo diela uste dut, egon badaudelako kasuak eta hasierako fasean dauden pertsonei zuzendutako taldeak direlako, narriadura kognitibo arin bat daukatenek osaturikoak", dio Iriartek.

Funtzio kognitiboak landuz

Tailerren helburua, psikologoaren esanetan, pertsonen funtzio kognitiboak estimulatzea eta gaixotasun edo narriadura kognitibo batekin daudenen funtzio kognitiboak lantzea da, oroimena, lengoaia, arreta, eta abar. "Harreman sozialak ere lantzen dira, berdinen arteko taldeak sortuz. Azken batean, autonomiari begira, daukaten egoera ahalik eta gehien luzatzea lortu gura izaten dugu". Aurrekontu irekietan 2.054 jaso ditu proiektuak eta 90.000 euroko aurrekontua du.

Iraila, ekintzaz beterik

Irailaren 21ean Alzheimerraren Nazioarteko Eguna da eta hainbat hitzaldi antolatzen ari da Afagi. Dena den, aurrerago emango dute horren berri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak