Eider Mendoza Gobernantza foru diputatuak eman du aukeratutako proiektuen berri, Mikel Pagola Herritarren Partaidetza foru zuzendariarekin batera. Azaldu dutenez, prozesuaren lehen fasean 2.371 proposamen jaso zituzten, eta 2.363 pertsonek hartu zuten parte. Orduan jasotako ekarpenekin, 18 proiektu osatu ziren, eta horien artean aukeratu behar izan dute herritarrek. Ekainaren 30etik uztailaren 25era egin da bozketa fase hau, eta guztira, 4.782 herritarrek hartu dute parte. "Hau da, bi faseak batuz, 7.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte prozesu honetan", azaldu du foru arduradunak.
Hirugarren bozkatuena, Arrasaten
Herritarrek aukeratutako hirugarren proiektua Alzheimerra diagnostikatu zaien pertsonentzako psikoestimulazio tailerra abian jartzearena izan da, eta Arrasaten egingo dute. 2.054 boto jaso ditu, eta 90.000 euroko aurrekontua du.
Ekimen honen oinarria da estimulazio kognitibo egoki batek Alzheimerra duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen laguntzen duenaren ideia. Proiektu hori abian jartzeko, Gipuzkoako Alzheimerra duten Pertsonen Senideen eta Lagunen Elkarteak (AFAGI) lagunduko du, eta beste eskualde batzuetan abian jarritako beste zazpi tailerrekin bat egingo du. "Gizarte politiken arloko proiektu interesgarria, Alzehimerra duten pertsonen ongizatea hobetzea helburu duena", esan du Mendozak.
Boto gehien, Lehen enpleguak
Boto gehien lortu dituen ekimena Lehen enplegua izan da, eta 200.000 euro bideratuko dira egitasmo honetara. Helburua enpresei laguntzak eskaintzea da, lehen enpleguaren bila dabiltzan gazteak kontratatzeko, eta I+G+B (Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza) arloetan pertsona horiei zuzentzen den prestakuntza finantzatzea.
Bigarren proiektu bozkatuena Gipuzkoako basoen kudeaketa integral eta iraunkorrerako erakunde bat sortzearena izan da, 200.000 euroko aurrekontuarekin. Mendozak azaldu duenez, ekimen honen bidez bilatzen dena da, besteak beste, ekonomia zirkularra bultzatzea, Gipuzkoan zura (0km eta lehengai berriztagarria) ekoiztea sustatzea eta CO2 xurgapena handitzea.
Laugarren postuan, Klimarekin konprometitutako herritarren erronkak izeneko proiektua kokatu da, 200.000 euroko aurrekontua izango duena. Zehazki, herritarrei zuzendutako prestakuntza eta sentsibilizazio tailer batzuk diseinatu eta antolatuko dituzte.
Zaintzaren balioa oinarri
Bosgarren proiektua emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloaren bueltakoa da: gizartea eraldatzeko proiektua, zaintzari balioa emateko. 150.000 euro bideratuko dituzte horretara. Proiektu honen helburuak hainhat dira; tartean, zaintzak bizitzan duen zeregina ikusaraztea eta sozialki neurtzea, zaintzak emakumeek jasaten duten desberdintasunean kolektiboki eta indibidualki duen eraginaz kontzientziatzeko.
Azkenik, seigarren proiektua kulturaren arloan kokatzen da eta, zehazki, herrietan formatu txikiko kultura-ekitaldiak antolatzeko laguntza lerro berri bat martxan jartzean datza. 160.000 euro bideratuko dira bertara.