"Garaia da Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak, herritarrak sutzen hasten direnean, giroa baretzeko egiten dituen suhiltzaile promesak aztertzeko. Horien artean, bada 3.000 herritar ingururi eta Arrasateko hirigune historikoan bizi edota lan egiten duten denda guztiei zuzenean eragiten dien gai bat", dio oharrak hasieran. Zuntz optikoaren gaiaz ari da.
Hain zuzen, EH Bilduk Udal Gobernuari leporatu dio herritarrei emandako hitza ez betetzea. Izan ere, maiatzean eman zuten Mas Movil enpresarekin lortutako akordioaren berri eta lanak "hasteko moduan" zeudela aurreatu zuten Gobernutik. "Maiatzaren 16an hastekoak ziren lan horiek, alde zaharreko atariek baimena eman ondoren, atariz atari sartu ahal izateko kaltetutako etxe eta saltoki guztietara. Baimen horiek hasieratik sinatu dira apiriletik aurrera, baina lanen arrastorik ez dago", salatu du oposizioan dagoen koalizioak. "Enpresa instalatzaile bateko langileren bat edo beste baino ez, berehala lanean hasiko zirela esanez eta ezer gutxi gehiago. Kaltetutako herritarren % 95ak, guztiek ez esatearren, ez dute enpresa instalatzaileren baten berririk izan. Eta, esan gabe doa, inor ez dela atarietan lanak egiten hasi, atarte askotan udalak bidalitako etxeko lanak azkar batean egin zituzten arren".
Hori gutxi ez, eta TAOren gaineko informazio bulegoan (Olarte kalean kokatuko dena) zuntz optikoa instalatu izana ere leporatu dio. "Teknologia hori Udalak bere eguneroko jarduerarako erabiltzen dituen lekuei bakarrik emango zaie, alde zaharreko bizilagun, komertzio eta zerbitzuek kapritxo hutsarengatik nahiko balute bezala". Izan ere, adierazi dutenez, gaur-gaurkoz alde zaharreko herritarrek ez dute zuntzerako sarbiderik "gainerako herritarren baldintza berberetan". Era berean, deitoratu dute saltokiek eta hainbat zerbitzuk ezin dituztela bezeroak eta ikasleak "modu egokian" artatu, "bizi dugun garaia kontutan hartuta".
Alkateari zuzendutako hainbat galdera
EH Bilduk uste du auzotarrek planteatzen dituzten eta koalizioak partekatzen dituen hainbat gairi erantzun behar diela alkateak. "Izan ere, gainerako auzokideei bezala, Arrasateko agintari gorenak ez digu informaziorik eman gai honi buruz eta, horrela, Udalean herritarren ordezkari gisa egiten dugun lana oztopatu egin du zuzenki". Hori dela eta, publikoki eskatu diote galdera hauei erantzuteko:
- Zergatik ez da hasi zuntza instalatzen iragarri eta 3 hilabetera?
- Noiz arte itxaron beharko dute auzotarrek, komertzioek eta zerbitzuek zuntz optikoa?
- Zergatik da beharrezkoa zuntza alkatearen bulegoan eta udal bulegoetan, eta ez hirigune historiko guztian?
- Noiz arte jarraituko du alkateak alde zaharrari eta herri osoari aurpegira barre egiten?