Ia bi urte egon zen hirukotea etxetik kanpo, gurpilen gainean mundua ezagutzen. 2017ko apirilaren 21ean abiatu ziren Arrasatetik eta 2019ko otsailaren 27an eman zioten bukaera abenturari. 28 urte zituzten Urizarrek zein Prietok, eta Larre-k, berriz, urte eta erdi. "Iñigo lanean ez zegoen gustura eta ni Granadan bizi nintzen arren, hona etortzeko garaia iritsi zitzaidan, bizitza erosoagoa izateko. Dena den, bagenuen buruan beste zerbait egitea ere, eta bidaia hastea erabaki genuen. Beraz, Larre-ri karro bat prestatu genion bizikletan eta abenturara irten ginen", azaldu du Urizarrek.
Luzera begirako plan barik irten ziren Arrasatetik. "Hasieran, esan genuen bi hilabeteko bidaia bat egingo genuela bizikletan, txakurrarekin. Hasierako asmoa zen gure bizikleta zaharrak hondatzen zirenera arte irautea eta ondoren bueltatzea. Aurreikusi genuen Itsaso Beltz ingururaino iritsiko zirela, baina ez gehiago, bizikleta zaharrak zirelako. Hala ere, modu batera edo bestera, aurrera egitea lortu genuen eta Arrasateraino iritsi ginen bizikletan". Modu batera edo bestera dio; izan ere, Georgian zeudela, bizikleta aldatu zuen. "Arazoak ematen hasi zen nire bizikleta zaharra, eta hango mutil batek oparitu egin zidan berea. Beraz, nirea han utzi nuen eta harenarekin jarraitu nuen bidaia, bukaerara arte".
23.000 kilometroko bidaia
Arrasatetik irten eta, Pirinioak zeharkatuz, Frantziako mendebaldeko kostaldea egin zuten lehenik, eta handik barrurantz egin zuten, Oihan Beltzetik pasa eta Eslovakiarantz. Gero, Danubio ibaiari jarraiki, Itsaso Beltzeraino joan ziren eta ferry batekin zeharkatu, Georgiara bidean. Turkiatik pasa ostean, Greziara ailegatu ziren. "Negua zenez, lau bat hilabete igaro genituen han. Alde batetik, gaizki sentitzen ginen, hilabeteak aurrera zihoazelako eta etxean esan genuelako bi hilabeterako irten ginela. Beraz, hausnarketa egiteko eta aurrera begira egin gura genuena erabakitzeko baliatu genuen geldialdia. Hango baserri batean olibak jasotzen egin genuen lan eta trukean ostatua eta jana eskaini zizkiguten, ez genuen kobratzen. Era berean, hango gizonak kontaktu asko zituen. Greziako hegoaldean alemaniar asko bizi dira eta haien etxeetako lan batzuk egin genituen; igerilekua garbitu, esaterako. Haiek ondo ordaintzen ziguten".
Greziatik ekialderantz joan ziren eta berriro Georgiatik Azerbaijanerantz. "Kaspiar itsasoa ferryan zeharkatu ostean, Kazakhstan, Kirgizistan, Tadjikistan, Uzbekistan, Iran, Kurdistan eta Turkian egon ginen eta Europako hegoaldetik egin genuen buelta, eguraldi hobearen bila, negua zelako".
Txakurrarekin "oso ondo"
Txakurrarekin "oso ondo eta lasai" moldatu zirela nabarmendu du Urizarrek. "Batzuetan, kilometro gutxiago egin behar izaten genituen beragatik, nahiz eta leku askotan, mendi bideetan, esaterako, gu baino hobeto joaten zen. Nekatzen zenean, karrora igotzen genuen, eta, bestela, korrika joaten zen. Berak gu baino atseden gehiago hartzen zuen eta hostaletan lo egiten geratzen ginenean, buruz gora egoteko gura zuen denbora guztia zeukan".
Txinako mugara iritsi zirenean, arazo batekin egin zuten topo; izan ere, han berrogeialdi bat egin behar izaten dute txakurrek. "Beraz, erabaki genuen Txinara ez sartzea, eta han buelta eman genuen. Gainontzeko herrialde guztietan inongo arazorik ez dugu eduki. Egia da Iranen, adibidez, txakurrak ez daudela onartuta lagun moduan, eta herrietan ez da txakurrik ikusten. Mugan ez ziguten sartzen utzi gura, baina esan genien enbaxadan esan zigutela arazo barik sar gintezkeela. Gainera, aurreko urtean Turkian eman genion amorruaren aurkako txertoa, eta paper hori ikusi zuten, turkieraz idatzita. Ez dakit horri esker-edo, baina, azkenean, utzi ziguten sartzen eta baita irteten ere".
Urizarrek entzuna du zailena dela Europatik irten ostean gero berriz sartzea: "Batez ere, amorruagatik –gaixotasun infekziosoa–. Baina irten aurretik albaitariarekin egin genizkion proba batzuk, ikusteko antigorputzak zituela, eta ziurtagiri horrekin inongo arazo barik zeharkatu ahal izan genituen muga guztiak".
Kanpin-denda, etxe bilakatuta
Normalean, kanpin-dendan egiten zuten lo, eta hasieran "asko" kosta zitzaien ohitzea. "Guretzako aurrerapauso handia izan zen gelditzen ginen lekuan eroso sentitu ahal izatea, etxean moduan. Hala ere, saiatzen ginen bi astetik behin hostal batean lo egiten, atseden hartzeaz gain, ondo jateko, arropak garbitzeko eta herriak ezagutzeko".
"Bidaiatzeko era merkea da"
Aurreztuta zeukaten diru guztia xahutu zuten bidaian eta familien laguntza ere izan zuten. "Baina oso merkea da horrela bidaiatzea. Gure gastu bakarra janaria zen eta 200-300 eurorekin egiten genuen hilabetea, nahiz eta bisak eta baimen berezi batzuk ordaindu behar izan genituen, eta bizikletaren matxurak ere bai", dio Urizarrek.
Askotariko harremanak
Mendebaldeko Europatik irten zirenean, Urizarrek aitortu duenez, konturatu ziren erraztasunak agortu zitzaizkiela. "Bidegorririk ez, kanpin-gunerik ez, eta abar. Baina, erosotasunak agortu ahalaz bat, jende eskuzabalagoa agertu zitzaigun, etxeko ateak zabaldu eta jaten ematen ziguna. Beste mundu bat zen hura, askoz ere errazagoa". Hala, askotariko harremanak egin dituzte. "Asko gure moduan bidaiatzen ari zirenak eta beste batzuk, tokian-tokian ezagututako jendea. Hizkuntza ez ulertu arren, harreman ona lortzen duzu askorekin". Egun, gainera, mantentzen dituzte harreman horietako batzuk. "Marcus izeneko alemaniar bat ezagutu genuen. Iranen neska-laguna aurkitu zuen eta orain ezkonduta daude. Horrekin, adibidez, harreman handia daukagu".
Hizkuntzari dagokionez, behin mendebaldeko Europatik aterata, "ingelesak ez du askorik balio". Hori dela eta, errusierako hitz batzuk ikasten hasi ziren. "Errusierarekin gu ibili ginen herrialde gehienetan moldatzen zara. Bestalde, herrialde bakoitzeko oinarrizko hiztegia ere ikasten saiatu ginen: kaixo, eskerrik asko eta nondik joaten da hona esaten jakiteko".
Beste bidaiarik aurrera begira?
Pandemiak bidaiatzeko era hau eten egin duela uste du Urizarrek, eta euren kasua ere hori dela. "Berriz irteteko gogoa geneukan berez, baina epe motzean ez gara irtengo. Halere, jendeak jarraitzen du bizikletan bidaiatzen. Agian, ez dira orain irten direnak, baina lehendik bidaiatzen ari diren askok jarraitzen dute bidean; mugak zeharkatzen, gainera. Dena den, ez da lehen bezain erraza izango jendeak etxeko atea irekitzea, eta hori pena da".
Aurrera begira, agian, astebeteko bidaiaren batzuk egingo dituztela dio, baina hilabeteetako bidaiarik, oraingoz, ez. "Dena den, buruan beti daude ideia berriak, eta, epe luzera, gustatuko litzaiguke bidaia potolo bat egitea, txakurra aldean hartuta".