Elkartasun martxa deitu dute irailaren 18rako, preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatzeko

Hasier Larrea 2021ko uzt. 19a, 19:40

Arrasateko Sarek eta Elkartasun Eguna antolatzen duten kideek 31 kilometroko martxan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, "Unai Parot euskal presoarekin Estatu espainiarra egiten ari dena salatzeko eta elkarbizitza, bakea eta konponbidea erdiesteko".

Irailean Arrasaten antolatu ohi den Elkartasun eguna Elkartasun martxa bilakatuko da aurten: "Jai giroan antolatzen den aldarrikapen kutsua galdu gabe, presoak etxera ekartzeko aldarrikapena bultzatuko dugu, lekukoa eskuz esku pasatuz 31 kilometroak bete arte", adierazi du Premin Sanpedrok, Arrasateko Sareko kideak. 

Une hauetan Arrasaten preso bakarra dagoela nabarmendu du kolektiboak: "Unai Parotek Estatu Espainolean bete zitekeen zigorrik handiena bete du dagoeneko: 30 urte. Zigorra beteta duenez, kalean egon beharko luke, baina espetxean zegoela berriz epaitu zuten ETAko kidea izateagatik". Euskal presoen kasuan epai hori berari bakarrik ezarri diotela azaldu dute, legearen arabera gauza beragatik inor berriz epaitu ezin dela argudiatuz: "Baina Unairi beste 11 urteko espetxe zigorra jarri zioten, Parot doktrina deiturikoa atzera bota zutenean Estrasburgon".

Hori dela eta, Elkartasun eguneko kideek eta Sarek 31 kilometroko Elkartasun martxa antolatu dute irailaren 18rako: "31 kilometro, 31 urte daramatzalako Unaik espetxean eta Unairekin egiten ari direna salatu nahi dugulako; bizi arteko zigorra behingoz amaitzea eskatzen dugulako".

Herriko eragileen babesa

31 kilometro horiek Arrasateko eragileek egingo dituzte: "Bertara babesa ematera joango diren Arrasateko euskaltzale, pentsionista, kirolari, auzo elkarte, ostalari, dendari, feminista, zinegotzi eta alkate, sindikatu-kide, musikari, dantzari, dispertsioa zuzenean ezagututako presoen senide eta beste hamaika lagun eta erakundek".

Preso, iheslari eta deportatuak etxerako bidea egin behar dutela ere aldarrikatuko dute: "Izan ere, gure herrikoak diren Peixoto eta Arbe ere etxean nahi ditugu; bata, frankismotik, 53 urte jaioterritik urrun, eta bestea, 37 urte deportazioan, Estatu Frantses eta Espainolak hala erabakita zigor ikusezina ordaintzen".

Eguerdiko hamabietan hasiko da ekitaldia, eta Arrasateko herritar guztiak gonbidatu eta animatu dituzte parte hartzera.

Urratsak Madrildik

Espainiako Gobernuak azken asteetan hartutako erabaki politikoen irakurketa ere egin dute agerraldian. Preso guztiak Madrildik gorako espetxeetara gerturatzeko urratsak eman direla onartu dute, "senideei bidaietako zama pixka bat arinduz". Nolanahi ere, "nahikoa ez" dela adierazi dute, oraindik hainbat puntutan legea betetzen ez dela azpimarratuz.

Zehazki, euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan egon behar dutela; gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak etxean egon behar direla; gradu progresioa aplikatuz, baimenekin ateratzeko aukera izan beharko luketela; hiru laurdenak beteta dituztenak etxean egon behar direla baldintzapeko askatasuna aplikatuz eta salbuespenezko legeekin epaitutakoei legedi arrunta aplikatu behar zaiela gogoratu dute: "Legea betetzea, besterik ez".

Gizartearen aktibazioa, "ezinbestekoa"

Irailaren 18an norberak nahi adina kilometro egitera gonbidatu dituzte herritarrak, "gizartearen aktibazioa eta mobilizazioa ezinbestekoak direlako elkarbizitza, konponbidea zein bakea erdiesteko".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak