Bluesaren harrak harrapatuta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko uzt. 14a, 18:47

Arrasateko Blues Jaialdiaren atarian, Itziar Yague Arrasaten jaiotako musikariaren sentsazioak jaso ditu Puntua aldizkariak. Ekimen berezia da Yaguerentzat, baina aurten are gehiago; izan ere, Delicius lana aurkeztuko du bertan.  Puntua astero etxean jaso nahi? 

Blues zaharra –XX. mende hasierakoa– du Itziar Yaguek gustuko, gitarra elektrikoaren aurreko garaikoa; eta kantua dantzarekin batera ulertzen du, bata bestearen osagarri. 13 bete urte zituen arte Arrasaten bizi izan zen, familiarekin Gasteizera joan zen arte; Kazetaritza ikasketak egin zituen gero, Iruñean, eta handik Londresera joan zen; gaur egun, Madrilen bizi da. Komunikazio agentzia bat du, eta musika arloan ere ari da bidea egiten.

Nerabezarotik ez da berriz Arrasaten izan, eta "irrikaz" dago Delicious estreinako diskoa jaioterrian aurkezteko; uztailaren 15ean, 19:00etan, Herriko Plazan izango da, Ibai-arte elkarteak Udalarekin elkarlanean antolatu duen Arrasate Blues jaialdiaren barruan.

"Jaialdi eredugarria"

Diskoa grabatu berri, udarako kontzertu bila ari zela jaso zuen, martxoan, Ibai-artekoen eskaintza Yaguek. "Ikaragarria iruditu zitzaidan kartela. Artistok asko begiratzen dugu zeinek non jotzen duen, eta urtetik urtera izen asko errepikatu egiten dituztela konturatzen zara. Arrasatekoa berriz, itzela da, freskoa, bertakoa, Euskal Herriko puntako artistak dira guztiak, eta emakumeei dagokigun tokia eginda. Jaialdi eredugarria da!", dio abeslariak.

Emakumearen presentzia musika arloan ez da "behar lukeen bestekoa", baina, Yagueren esanetan, blues estiloan "minkorragoa" da, bluesa emakumeek sortutako musika dela aldarrikatzen du eta: "Tratu txarrak salatzeko, euren sexualitatea eta eskubideak aldarrikatzeko, sentimenduak adierazteko... emakumeek etxeko patioetan kantatzen zuten. Eurek eraman zuten klubetara, XX. mende hasieran, eta bluesa ikuskizuna eta negozio bihurtu. Emakumeek profesionalizatu zuten estilo hori. Horrela dago historian jasota; beste kontu bat da aintzat hartzen den hori".

Jesusi Etxeberriaren ikasle

Ahizpa nagusia joaten zen toki guztietara joan nahi izaten zuenez, hala hasi zen Arrasateko Jesusi Etxeberriaren musika akademian, 5 urte zituela. "Solfeoa, abesti-korala eta pianoa ikasi nituen harekin. Irakasle oso zorrotza zela gogoratzen dut".

XX. mende hasieran emakumeek patioan abesten zuten musika klubletara eraman zuten gero

Gasteizera bizitzera joan zirenean, musika eskolak beharrean dantzakoak jasotzen hasi zen han. "Dantzatzea ere izugarri gustatu izan zait betidanik. Jesusik kanturako dohainak nituela esan zien gurasoei, eta egia da kantatzea oso gustuko nuela, baina ez nintzen casting-etara joaten zen neskatila horietako bat. Txikitako nire ametsa ez zen abeslaria izatea; hortaz, gurasoek ikasketa batzuk egiteko esan zidatenean, ez nuen trabarik izan Kazetaritza aukeratzeko. Londresera joan nintzen gero, eta han musika latindarraren eszena giroan ibiltzen nintzen. Giro hartan ezagutu nuen musikari batek animatu ninduen talde bat sortzera. Kasu egin nion, eta Madrilera etorri nintzenean talde bila hasi nintzen. 34 urte nituen orduan".

Bluesa, bihotzean

Rock talde baten hasi zen, baina, bizpahiru urtean, gustukoago zituen beste estilo batzuetara gerturatu zen -soula, funka, jazza eta bluesa–, eta bide horretan jarraitzen du hamahiru urte geroago. Horren erakusle da argitaratu duen Delicious lana. "Oso blueseroa da, 20ko eta 30eko hamarkadako ukituarekin, akustikoa. Baina badira beste estilo batzuetakoak ere: gospela, Orleansko rumba bat... Elkarren artean harremana duten estiloen konbinaketa bat da. Hitzak, berriz, oso pertsonalak dira. Denetarikoak daude: maitasun istorioa eta, emakume naizen aldetik, kantu aldarrikatzaileak ere bai, eta horiek, hain justu, dira blueseroenak".

Sei kantuko bilduma da. "Zuzeneko bat bezala grabatu genuen; guztiek elkarrekin toki eta une berean. Kantu bakoitza hainbat alditan grabatu genuen eta horietatik aukeraketa eginda osatu genuen bilduma, ez dute zuzenketa edo ondorengo moldaketarik. Grabatu genituen bezala, halaxe utzi genituen".

Euskal musikariekin bira

Madrilen taldea du, baina egoera ikusita "aproposagoa" iruditu zitzaion uda sasoirako beste talde bat egitea, eta "puntako" musikariekin osatu du boskotea: Paul San Martin donostiarra pianoan, Gasteizko Fran Serrano kontrabaxuarekin eta Inhar Val tronpeta-jolea eta Dani Dominguez bateria-jolea.

"Blues zaharraren" eragin zuzena du Arrasateko Blues Jaialdian eskainiko duen emanaldiak

"Mimoz grabatutako disko bat besterik ez dut eurek duten ibilbideari begiratuta, ezer ere ez. Mala Rodriguez, Kseo, Jorge Pardo... Musikari horiekin eta gehiagorekin ari direnak edo ibilitakoak. Lotsa apur bat sentitzen dut zerrenda horren aurrean; horregatik, oso pozik eta harro nago. Asmatu nuen taldea sortzeko erabakiarekin, lau kontzertu lotu ditugu-eta Euskal Herrian. Taldekide berriak ere gozatzen ari dira; izan ere, beti esaten dudan moduan, blues zaharrak engantxatu egiten du. Probatzen duten guztiek gustuko dute, emozioa da, bluesa; entzuteko, abesteko eta dantzatzeko itzela!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak