Arrasate Blues jaialdiak emakumeei egingo die keinu, uztailaren 15etik 18ra

Hasier Larrea 2021ko eka. 9a, 14:08

Jaialdiaren hirugarren aldiak tokiko artista bat omenduko du, Jesusi Etxebarria, "hamaika arrasatearri musika irakatsi dien irakasle nekaezina". Zazpi agertokitan banatuko dira kontzertuak, hamar taldek joko dute guztira, eta horietatik hiru izango dira Arrasatekoak: Erromintxelak, 8,46 Dixie Band eta Mario Fernandino Quinteto.

Ibai-artek eta Arrasateko Udalak herriko hamar tabernarekin batera antolatzen duen blues jaialdia musika estilo horren erroetara joango da aurten: "XVIII. mende inguruan, emakumeak izan ziren soinu hau musika bihurtu eta bluesa taberna txikietatik agertoki handietara eraman zutenak. Lehenengo blues grabazioa, esate baterako, emakume batek egin zuen, Mamie Smithek. Hala, 2021eko Arrasate Blues jaialdian 10 talde egongo dira, eta gehienek dute emakume bat buru", adierazi du Ibai-arte merkataritza elkarteak.

Emakume horietako bat da Itziar Yague: "Hamar urteko eskarmentua du talde ezberdinetako abeslari gisa, eta bere proposamenak ekarriko dizkigu bost urterekin kantuan hasi zen herrira". Hain justu, Jesusi Etxebarria izan zen haren irakaslea, eta Yaguerekin bezala, "milaka ikasleri musikarekiko zaletasuna pizteko egin duen lan ikaragarria goratzeko" jasoko du oroigarria uztailaren 15ean.

Jesusi Etxebarria.

Erromintxelak eta 8,46 Dixie Band eta Mario Fernandez Quinteto

Jaialdiaren KM zero filosofiari jarraiki, herriko hiru bandak joko dute egun horietan. Erromintxelak osatzen dute hiru arrasatear eta bergarar batek: Zigor Martinez klarinete-joleak, Iñigo Zubizarreta manouche-gitarra-joleak, Aitor Moreno kontrabaxu-joleak eta Jon García gitarra-jole eta abeslariak.

Talde sortu berria da, berriz, 8,46 Dixie Band. Arrasate Musikaleko zenbait ikaslek dixie musikarekiko erakutsitako interesaren ondorioz abiarazi dute banda hori. Proiektua musikazalez eta musikari profesionalez osatuta dago, herriko bandako kideak direlako: Rakel Murgiondo piano-jolea; Arturo Lasa klarinete-jolea; Jabi Lazkano saxo tenorea; Eduardo Abarrategi tronpeta-jolea; Mikel Markiegi tronboi-jolea; Enrique Dolara tuba-jolea; eta Jose Ramon Elkoro perkusio-jolea.

Mario Fernandez, azkenik, ibilbide luzea duen musikaria da. Gaur egun Arrasate Musika Eskolako irakaslea da, eta baita Arrasate Musikaleko Big Bandako partaidea ere. Proiektu hau osatzeko Mikel Maniega tronpeta-jolea, Diego Belzunegi piano-jolea, Aitor Moreno baxu-jolea eta Gorka Gaztanbide bateria-jolea batu zaizkio Mario Fernandino maisuari.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak