Sei dartsena edo nasa, bi markesina eta komunak jarri dituzte Zalduspeko geltokian eta ibilbide luzeetako autobusak geldituko dira han, Donostia, Gasteiz (zuzena), Bilbo eta Loiuko aparkalekua, besteak beste. Hauek dira Zalduspen geratuko diren lineak:
- DG01: Arrasate – Bilbo (autopista)
- DG02: Bilbo - Arrasate
- DG05 A: Eibar – Arrasate – Gasteiz (autopista)
- DG05D: Eibar – Arrasate – Gasteiz (urtegia)
- DG07: Arrasate – Donostia
- DG56B: Arrasate – Loiuko aireportua
- Bilbora doan Bizkaibus autobusa
- DG40G: gaueko zerbitzua. Eibar – Eskoriatza
- DG41G: gaueko zerbitzua. Oñati – Leintz Gatzaga
Gainontzeko lineak, Eskoriatzara, Aretxabaletara, Bergarara edota Oñatira joateko autobusak, esaterako, Nafarroa etorbideko bi geltokietan geratuko dira, Roneo atzealdekoan eta Kontzeziñoko biribilguneko geltokian.
Informazioa, etxeetara
Dena den, datozen egunetan Arrasateko etxe guztietan triptiko bat banatuko dutela ohartarazi du Maria Ubarretxena alkateak, informazio guztiarekin. "Herribusaren gaineko informazioa ere izango dute triptiko horiek, ordutegiak, ibilbideak eta bestelako informazioa ere bai".
Ubarretxenaren esanetan, aldaketa bat den heinean, herritarren egokitzapena eskatzen du. "Hori egunerokoak bakarrik ahalbidetuko du, astelehenetik aurrera. Uste dut, gainera, erraz ohituko direla herritarrak".
Aldaketa honekin, Nafarroa etorbidetik egunean 60 bat autobus gutxiago pasako direla aurreikusten du Gobernuak, Zalduspen geratuko direlako.
Aurrekontuari dagokionez, Ekobulebar-aren proiektuaren barnekoa da. "Hainbat birmoldaketa egin behar izan dizkiogu proiektuari eta geneukan esleipen horren baitan egin dira guztiak. Are gehiago, %1 azpitik goaz. Hau da, honek ez dauka inongo kostu gehigarririk".
Herribusaren hirugarren linea
Herribusaren hirugarren linea ere astelehenetik aurrera egongo da erabilgarri eta linea hori egiteko autobus berri bat erabiliko dute, orain artekoak baino handiagoa dena, 30 eserlekurekin, eta hibridoa dena, aldi berean. "Ibilgailuak jasangarriak eta ekologikoak izan daitezen gura dugu. Brigadako bat aldatu genuen eta furgoneta elektriko bat jarri. Orain, Avanza enpresak autobus hibrido hau jarri digu erabilgarri. %50 murriztuko ditu CO2 isurketak autobus arrunt batekin alderatuta", azaldu du Victor Fuentesek, Obrak, Zerbitzuak, Mantentzea eta Auzoak Saileko zinegotziak.
Ekaineko osoko bilkuran onartu ostean, Udalak 693.298 eurogatik esleitu dio zerbitzua Avanza Urbanos De Euskadi enpresari, bost urterako, eta hiru lineak daude esleipenaren baitan. Hirugarren linearen geltokiak honakoak izango dira: Eroski, Gipuzkoa Etorbidea, Maalako errotonda, Otalora Lizentziatua, Muxibarreko errotonda, Zarugalde, Udala plazako errotonda, Arrasate Pasealekua (Arimazubi), Alfonso VIII. kalea, Dr. Bañez kalea, Maiatzak 1 kalea, Nafarroa etorbidea, Zalduspe, Deba etorbidea, Gipuzkoa etorbidea eta Eroski.
Orduko bi zerbitzu aurreikusten dira. Astelehenetik egubakoitzera, lehen irteera 07:35ean izango da eta azkena 20:05ean. Zapatuetan, lehen irteera 08:35ean izango da eta azkena 14:00etan. Domeka eta jaiegunetan ez da zerbitzurik eskainiko eta abuztuan, berriz, ordutegi berezia edukiko du.
Tarifak eta autobus-aldaketak
Bidaia arruntak 1,85 euroko prezioa zuen eta 1,35 eurokoa izatera pasako da. Horrez gain, Mugi sistemaren barruan mantentzen da. Beraz, tarifei dagokienean, 1-20 bidaia artean 0,70 euroko prezioa izango du, 21-50 bidaia artean 0,57 eurokoa eta 51-91 edo bidaia gehiagoren artean, 0,14 euro.
Tarifa berriak:
- Mugi gabe: 1,35€
- Mugi txartelarekin: 0,92€
- 1-20 bidaia: 0,70€
- 21-50 bidaia: 0,57€
- +51 bidaia: 0,40€
Era berean, alkateak gogorarazi gura izan du Mugi txartelarekin autobus aldaketak doakoak izango direla. "Hau da, ni Donostiatik baldin banator eta Zalduspen uzten banau, gero herribusa hartzen dudanean Erguinera edota Makatzenara joateko, adibidez, herribuseko bidaia ez dudala ordaindu beharko. Gainera, 15 minuturo edukiko dut herribusaren hirugarren linea".