Abuztuan Argentinan grabatzeko asmoa dute eta datorren udaberrian Euskal Herrian; aurrekontuari aurre egiteko laguntzaile bila ari dira.
Noiz eta zerk bultzatuta abiatu zenuen ekimen hori?
Uda honetan hamar urte izango dira Koldo Izagirrerekin lehen bilera egin nuela Pello Mari Otañori buruzko istorio bat idazteko proposatzeko. Proiektua onartu zuen eta gidoia lantzen hasi zen. Hasierako ideia dokumental dramatizatu bat egitea zen, baina garaiko irudi eta material gutxi genuela konturatu ginen –Argentinara egin zuen azken bidaiako albiste batzuk besterik ez–, eta fikziozko film luze bat egitea hobetsi genuen, garaiko giroa aztertuta eta bere idazkiak erabilita.
Laguntza bila hasi zineten orduan, ekimena erakundeei aurkezten, baina herrigintzan egitearen aldeko apustua egin zenuten gero; zergatik?
ETBk hasierako proiektua onar tu zuen, baina zuzendaritza taldea aldatu zuten gero, eta talde horrek atzera egin zuen. Oztopo handiak izan genituen, eta auzolanean egitea erabaki genuen; hortaz, bi erreminta erabiliko ditugu filmak eskatzen duen aurrekontua –750.000 euro– lortzeko: batetik, herrigintza. Horretarako, 30.000 zinema-sarrera atera ditugu eta horiek saltzen ari gara, hamar euro bakoitzeko. Eta, bestetik, kultura-mezenasgoaren bidez ere lagundu daiteke proiektua.
Zelako harrera ari zarete jasotzen?
Urriaren 8an abiatu genuen aurkezpen bira, Zizurkilen; dagoeneko 60 herritan izan gara eta beste horrenbestetara joateko asmoa dugu. Lau zutabetan planteatzen dugu auzolana: udalekin –aurkezpenak egiteko azpiegitura utzi eta herriko eragileekin zubi-lanak egiteko–; eskola publikoko eta ikastoletako ordezkariekin –sarrerak banatzen eta saltzen lagunduko digute– eta hedabideekin.
Zelan hartu daiteke parte?
Pellomariotañoauzolana.eus atarian dago sarrerak erosteko aukera eta hor dago herrietako salmenta-tokien zerrenda ere.
Zer dago laguntzaileendako trukean?
Ekarpenaren araberako opariak ditugu, baina eragile guztiek jasoko dute filmaren kartel pertsonalizatua. Horrez gain, liburu eder bat argitaratuko dugu Pamiela argitaletxearekin –filmaren argazkiak eta bitxikeriak eta filma pendrive formatuan jasoko duena–; hedabideek, ikastetxeek eta Udalek jasoko dute liburua. Ekarpen sendoagoak –250 eurotik gorakoak– egiten dituztenek liburua eta filmaren kredituetan agertzeko aukera izango dute.
Argumentuari buruz zer aurreratu dezakezu?
Otaño dagokion tokian jartzea da gure helburua, euskal kulturan erreferente garrantzitsua delako, nahiz eta, bereziki, gazteek ez duten ezagutzen. Haren bizitzako azken hogei urteetako pasarteak kontatuko ditugu; zehazki, 1890ean hasita, Argentinakoak zein Euskal Herrikoak.
Abuztuan grabatu gura duzue Argentinan; hortaz, lantalde artistikoa eta teknikoa lotuta duzue?
Protagonista nagusiak lotuta daude; besteak beste, Mikel Beraetxe, Getari Etxegarai eta Jos Beraza izango dira. Otañoren papera nik egiteko gogoa nuen, baina, azkenean, Otañoren azken urteetakoa bakarrik antzeztuko dut nik; izan ere, zuzendari lanetan ere jardungo dut, Joseba Salegirekin batera. Arlo teknikoari dagokionez, ari gara taldea osatzen, baina ez da erraza, aurrekontu murritza dugulako.
Casting-ak egiteko asmoa duzue.
Pertsonaia txiki asko daude, eta, horietarako, Zizurkilen eta Lekunberrin egingo dugu saio bana. Gure atarian eta hedabideen bidez jakinaraziko ditugu laster datak.