Flamenko ikuskizuna Udazabal zabaltzeko

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko eka. 25a, 14:20

Flamenkoa euskaraz egiten duen Donostiako Sonakay taldeak kontzertua egingo du Aldai parkean, eguaztenean, 19:00etan, eta Izadi Ramos Zumalde Arrasateko musikariak zabalduko du emanaldia; Arrasate.eus atarian eskura daitezke gonbidapenak.

2008an sortu zuten Jose Luis Jimenez Beltza-k, David Bernardezek eta Yoni Camachok Sonakay taldea, eta 2015ean boskote bilakatu ziren, Ramon Velez eta David Escudero batuta. Ijitoak eta euskaldunak dira; hori horrela, euskaraz ere abesten dute bihotzean daramaten musika flamenkoa.

"Gogotsu" daude Arrasatera itzultzeko; 2018an San Andres auzoko jaietan eskaini zuten kontzertuaren "zapore gozoarekin". Hala dio taldeko kide Jose Luis Jimenez Beltza-k. "Euria ari zuen, baina jendea ez zen joan, han geratu zen amaitu artean. Oroitzapen politak ditugu, asko gozatu genuen".

'Sonakay guztiekin' diskoa

Sonakay denontzat lana aurkeztu zuten orduan, eta iaz argitaratu zuten Sonakay guztiekin lana izango dute eguazteneko emanaldian oinarri. "Proiektu berezia da hori, adiskidetasunaren eta artearen emaitza. Puntako musikariek kolaboratu zuten, hala nola Ketama taldeak, Maria Berasartek, Urkok, Iñaki Salvadorrek, Iker Laurobak, Golden Apple Quartet taldeak eta Omar Gonzalez abeslari kubatarrak.

Gipuzkoako estreinaldia

Musikari kolaboratzaileak alboan zituztela aurkeztu zuten lana, baina apenas izan dute zuzenean eskaintzeko aukerarik. "Sei hilabete geldi egon ostean, gogotsu gaude ekainaren 5ean Iruñean estreinatu genuen ikuskizuna eskaintzeko, eta uztailaren 16an Antzuolan izango gara. Bost musikariak eta Gema Ines eta Lara Mitxelena txalapartariak izango gara taularen gainean, eta ordubete inguruko ikuskizuna izango da, oso gertukoa, eta sorpresa batzuekin".

Kontrako ustea egon daitekeen arren, Euskal Herria flamenko-zalea dela dio Beltza-k: "Hemen ere zale eta aditu asko dagoela esango nuke. Gu oso harro gaude egiten dugunarekin, eta hala jarraitzeko asmoa dugu ".

Herrikoei ere tokia eginda

14 urte ditu eta gitarrarekin kantuan trebea da Izadi Ramos Zumalde arrasatearra. Hala erakutsi zuen iaz egin zuten Arrasate Kantuan saioan eta Sala Bros & Sabin taldearen kontzertu baten parte hartuta. Eguaztenean Aldai parkean joko du.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak