Kapsulan sartzen direnei jolas interaktiboa planteatzen die Foru Aldundiak. Alde batetik, datuak eskaintzen dizkie Gipuzkoak aurre begira ze posizionamendu daukan adierazteko. Bestetik, etorkizuneko lehentasunei erantzuteko erreferentziazko zentroak zeintzuk diren daude zerrendatuta, ArantzazuLab tartean. Eta azkenik, herritarrek ze balore mantendu nahi duten edota ze hobekuntza sumatzen duten faltan proposatu dezakete, ariketa bikoitzaren bitartez: ekarpenen oharra kutxetan sartuta eta ereingarria den papera etxera eramanda.
Etorkizuneko erronkak identifikatu eta proposamenak proiektuetan gauzatu ditu Foru Aldundiak. Proiektu horiek ikusgai daude kapsulan, baita gaur egungo Gipuzkoak euskararen, ekonomiaren edota berdinasunaren arloan ze ezaugarri betetzen dituen ere. Horietatik tiraka lortu nahi dute Gipuzkoa desberdinkeria gutxien daukan lurraldea izatea.
Eredu kolaboratiboa, eraikitzailea eta elkarlanean oinarritutako lankidetza arrasatearren identitatean dagoela adierazi du Maria Ubarretxena alkateak, eta horregatik dei egin die herritarrei Gipuzkoako lehenak izan daitezen kapsularen esperientzia probatzen.
Beasain izango da bi egun barru Etorkizuna eraikiz kapsularen hurrengo geltokia. Egitasmoak uztailaren 8ra arte bidaiatuko du herriz herri.