EH Bildu: "Gobernuak ez du gauzatuko Musakolako kiroldegi berria"

Eneko Azurmendi 2021ko eka. 18a, 09:19

Musakolako egungo kiroldegiaren sarrera.

Oposizioan dagoen koalizioak nabarmendu duenez, Arrasateko Udal Gobernuak "hauteskunde giroan zin egindako" Musakolako kiroldegi berria ez du gauzatuko. "Guk hasiera-hasieratik esan genuen ekonomikoki jasangaitza izateaz gain, ez zela Arrasateko herriak eskatzen zuen proiektua. Eta gure ardura politikoa, oposizioan egonik, herritarrei zin egindako horren inguruan kontuak eskatzea da".

Azken udal hauteskundeetan, Musakolako kiroldegi berria EAJren "proiektu izarra" izan zela adierazi du EH Bilduk, prentsa-ohar bidez. "Kiroldegi berria promozionatzeko erabilitako diru-poltsa milaka eurotakoa izan zen, kirol zerbitzuetan zuzenean inbertitu baino egingarria izango ez zen kiroldegi erraldoi bati zuzendua izan zena, proiektuaren diseinu, maketazio, publizitate eta sozializazioari lotutako kostuak ordaintzeko".

Bestalde, koalizioko kideek diote  "penaz" bizi izan dutela hilabete hauetan kirol instalakuntza ezberdinetan "erabiltzaileek jasan behar izan dituzten ezbeharrak eta horiek konpontzeko Udalak erakutsi duen moteltasuna". Horren "adibide esanguratsuena" igerilekuko kristalena izan daitekeela gaineratu dute, baina ez dela bakarra. "Boulderraren egoera, bizikletak garbitzeko gunea eta abar".

Denborak aurrera egin ahala, Gobernuak bere "proiektu izarra" aurrera eramateko ezintasuna agerian geratu dela azpimarratu du EH Bilduk, "eta enegarren prozesua jarri du martxan, aurreko denak ezerezean utziz".

Parte-hartze prozesua, "partxe bat"

Kirol instalazioen mapa osatzeko parte-hartze prozesu gisa "saldutako" asmoa, EH Bilduren esanetan, kiroldegi berririk egin ez eta kirolaren inguruan egindako "kudeaketa negargarria" ezkutatzeko asmoarekin dator. 

Duela hiruzpalau hilabete, kirolaren gaia lantzen hasi ziren Udal Gobernua (EAJ eta PSE-EE), EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate, baina, koalizio abertzalearen oharrak dioenez, "berehala" konturatu ziren bilera horien atzean ez zegoela kirolaren inguruko lanketa egiteko asmo zintzorik gobernukideen partetik. "Urte hauetan Musakolako igerilekuan zein Iturripeko instalakuntzetan, bidegorrien atzerapenetan eta beste hainbat kirol-guneetan izandako kudeaketa tamalgarriari partxe bat jarri nahi izan diote 'parte hartze foro' hau sortuz".

Foro hori kanpoko enpresa batek kudeatzen du eta EH Bilduk Gobernuari leporatu dio, kirol jardueretan inbertitu beharrean, kirol politikan dituen gabeziak kanpo aholkularitzak kontratatuz estaltzen dituela. "Kirol plana hasi eta gaur arteko prozesu desberdinetan gastatu den diru publiko denak ezertarako balio izan ez duenaren sentsazioa uzten du herritarrengan beste behin ere. Gardetasunaren izenean, Udal Gobernua dei egiten dugu azken bost urteetan kiroldegiaren baitan egindako zeharkako gastuen zerrenda argitaratu dezan eurotan (aholkularitza, publizitatea, maketagintza, diseinua…)".

Gaineratu dute, Gobernuak planteatzen duen egitasmo "berri" hau, duela lau urte landutakoaren berdina dela. "Lau urte geroago, deja vu bat izaten ari gara, dena errepikatzen baitabil".

Kirol Herria proiektuaren berri, laster

Dena den, eta kirolaren gaiarekiko duten "atxikimendu eta konpromisoa" kontuan izanik, EH Bildu prest azaldu da berriro ere "beharrezkoa den tokietan" lan egiteko, "eraginkortasunez, zintzotasunez eta arrasatearron alde eginez, merezi dugun kirol eskaintza izan dezagun herrian".

EH Bilduk Kirol Herria proiektua landu zuen duela bi urte eta erdi eta gaur egun ere, azaldu dutenez, lanketa horretan sakontzen dihardute herriko kirolzale, kirolean aditu eta kirolariekin. "Gure proiektua indar eta ideiez berrituta egongo da eta partekatuko dugu. Horren aurretik, baina, azken boladan kirolaren inguruan gertatu denaren irakurketa bat plazaratuko gura izan dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak