Ander Garai: "Arrasateko kiroldegi berria posible izan daiteke lau edo bost urtetan"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko mar. 3a, 08:30
Ander Garai kirol zinegotzia.

Lau hamarkada beteko ditu Arrasateko kiroldegiak aurten. Kiroldegien egoeraz eta kirol arloko beste zenbait kontuz egin du berba Ander Garai zinegotziak; diru laguntzen inguruan, besteak beste. Kirol Zerbitzua hobetzeko asmoz, erabiltzaileen ekarpenak jaso gura ditu Garaik etorkizuneko kiroldegira begira.

40 urte egingo ditu kiroldegiak. Zaharkitua geratu da?
Gipuzkoako bigarren zaharrena da eta arazoak ditu. Eraikina zaharra izateak zerbitzuan eragiten du, baina ikusi dugu azken urteetan egindako inbertsioek –gimnasioa hobetu, ikastaro gehiago antolatu...– gorakada eragin dutela matrikulazioetan; azkeneko urtean, bereziki. Herritik urruti dago, eta horrek ere ez du laguntzen. Eraikina, baina, gaixorik dago, aluminosia dauka. Estruktura gastatzen du gaitz horrek eta berrikustea eskatzen du urtero, denbora eta diru asko. Erortzeko arriskurik ez dago, baina konponketek gastu handia dakarte. Izan ere, kiroldegia berrituta ere, aluminosiak hor jarraituko luke, konponbidea oso zaila da. Kiroldegi berria egitea izango litzateke soluzioa.

Kiroldegi berria? Posible da?

Epe motzera ez, baina epe ertain edo luzera bai. Kirol elkarteetako ordezkarien, ikastaroetako arduradunen eta erabiltzaileen ekarpenak jaso gura ditugu, gutxienez, proiektu baten jaso ahal izateko. Epe motzera ez dugu kiroldegi berria izango, baina lau edo bost urte barru posible izan daiteke. Hor garrantzi handia izango du martxan jarriko den kirolaren plan estrategikoak; ondorio asko ateratzea espero dugu.

Zenbat bazkide ditu gaur egun Musakolako kiroldegiak?

5.200 inguru. Ez da datu oso ona. Bergarako eta Aretxabaletako datuak hobeak dira, baina kontuan hartu behar da instalazioak askoz berriagoak direla. Horrek zerikusi zuzena dauka.

Erabiltzaileekin egoteko asmoa erakutsi duzue. Zertarako?

Eurak dira kiroldegia gehien erabiltzen dutenak eta eurekin egon beharko dugu jakiteko nola ikusten duten eta nola irudikatzen duten etorkizunera begira.

Eta eskaintza aldetik nola dago Musakolako kiroldegia?

Ondo. Orain, esaterako, aeropilatesa jarri dugu martxan. Urtero saiatzen gara ikastaro berriak eskaintzen. Baina, esan bezala, Musakolako kiroldegia urruti dago erdigunetik eta hori ez da erosoa herritarrendako. Horregatik, ikastaro batzuk Uarkapera ekarri ditugu. Adibidez, aurten hipopresiboak hasi dira Uarkapen eta k-strecthak badaramatza urte batzuk. Uarkapera eramaten ditugun ikastaro guztiek harrera oso ona dute.

Uarkape aipatu duzu. Gimnasio berria edo fitness gela udaberrirako gertu izatea zegoen aurreikusita. Nola dago kontua?

Kontratazio fasean gaude. Uarkaperako sarrera egokitu behar da eta lan horiek hilabete eta erdian hasiko direla aurreikusten dugu. Gimnasio berrirako, berriz, ekipamendua kontratatzeko prozesuan gaude; espero dugu uztail eta irail artean irekitzea, uda partean.

Uarkapeko gimnasio berriarekin, Musakolakoa kendu egingo duzue?

Ez. Musakolako gimnasioa mantendu eta hobetu egingo dugu. Orain, bi gunetan dago bereizita, kardioaren gunea eta muskulazioarena. Espazioak aprobetxatuta, gimnasioa gune bakar baten egokitu nahi dugu. Makina berriak jartzen joan, aholkularitza zerbitzua mantendu... Helburua da zerbitzua hobetzea.

Uarkapen beste ikastaro batzuk sartzea aurreikusten duzue?

Uarkaperen erabilera handitzea da asmoa. Gaur egun, pilota taldeak eta gimnasia erritmikokoek erabiltzen dute, baina asmoa da, poliki-poliki, egungo ikastaroez gain gehiago eskaintzea. Espazioaren erabilera aztertzen ari gara; horren arabera jakingo dugu zer ekarri eta zer ez.

Musakola eta Uarkape aipatu ditugu dagoeneko. Eta Iturripeko kiroldegia? Ze egoeratan dago?

Iturripek 26 urte ditu eta egokitzapenen beharra dauka. Aztertzen ari gara; barruko lana egin ostean hasiko gara kirol taldeekin eta eragileekin elkartzen, ideiak partekatzeko.             

Nola ospatuko duzue Musakolako kiroldegiaren 40. urteurrena?

Prestaketekin ari gara. Iaz abiatutako Arrasasoi ekimena aprobetxatuko dugu ospakizunekin batera lotzeko. Argazki erakusketa bat antolatu nahi dugu; aukera aprobetxatuko dut herritarrei eskatzeko kiroldegiko argazki zaharrak izanez gero BAZen entregatzeko edo kiroldegira bertara eramateko. Erakusketa hori 40 urteotako bilakaeraren isla izango litzateke.

Asko aldatu da kiroldegia?

Bai. Aurten hamar urte egingo dituen Mojategi gunea ez zegoen hasieran, Antoñako gunea ere beranduago ireki zen, lehen jatetxe bat zegoen gaur egun gimnasioak dauden lekuan... Bilakaera nabarmena izan du.  

Nolako harremana duzu herriko kirol taldeekin?

Oso gertukoa eta naturala. Astero saiatzen naiz talde gehienekin elkartzen; arazoren bat badute, zuzenean deitzen didate.

Ezer gaineratu nahiko zenuke?

Herritarrei gogora ekarri nahi diet Musakolako, Uarkapeko edo Iturripeko instalazioak erabil ditzaketela gura dutenean,  betiere, libre daudenean, erreserba eginda; bazkideek onurak dituzte erreserbak egiteko orduan.

(Argazkia: Kirol taldeekin eguazten iluntzean egindako bilera)

Diru laguntzendako, laguntza

Arrasaten kirol talde mordoa dago, eta horiek kudeatzeko lanetan herritarrak ibiltzen dira, ez profesionalak. Hori jakinda, Arrasateko Udalak deituta, batzarra izan zuten eguaztenean: "Helburua garbia da, egunerokoan nahikoa lan dute klubak kudeatzen, edo kirol hitzorduak antolatzen, eta horrekin batera lan administratiboa ere badago, diru laguntzak zelan eskatu, gastuak zelan aurkeztu... Horiek zelan egin azaltzeko batzartu gara klubetako ordezkariekin, lana errazteko asmoz", adierazi zuen Garai zinegotziak.

Antxintxikakoak, futbol, saskibaloi, eskubaloi edo errugbikoak, zikloturistak, AKEkoak, Dorletako Amakoak, Besaide Mendi elkartekoak, judokoak eta Arrasate A + Gasekoak. Hamaika kirol taldetako ordezkariak batu ziren eguaztenean Mojategin: "Lan administratiboak buruhausteak sortzen ditu, baina, hala ere, jendea gauzak antolatzeko gogoz ikusten dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak