30 lagun inguruk hartu dute parte gaurko saioan, eta dinamika ezberdinen bitartez azken lau urteetan egindako "ibilbide nazionalean" fokua jarri dutela adierazi dute: "Atzera begiratu dugu, eta errepasoa egin. Indarguneak eta ahulguneak zein izan diren identifikatu ditugu".
Arrasateko Sortuk herrian bertan egindako bidea ere izan dute berbagai, gainera.

Etorkizunari begira, erronka ugari
Sortu bere birfundazioaren osteko lehen kongresuan murgiltzear dago, "eta ildo politikoa eta organizatiboa berregokitzeko unea da".
Kongresuaren prozesuak bi fase izango ditu. Ekainaren 19an hasi eta irailaren 28ra arte iraungo du lehenak, eta nazio batzarra egitea izango du helburu: "Nazio mailako hutsune eta kezkak zeintzuk diren ikusi, eta irtenbideei begira jarriko gara fase honetan. Horretarako, bi topaketa egingo ditugu".
Herri mailan ere izango dute zereginik, izan ere, euren asmoa da lehen fase horretan Arrasate mailan harreman politikoak berreskuratzea; "alegia, komunitatearekin harremanak lantzea".
Bigarren faseak irailaren 28tik urtarrilaren 22ra arte iraungo du, eta kongresu fase formala izango dela adierazi dute taldetik. Besteak beste, Sortuko zuzendaritza batzorde berria aukeratuko dute tarte horretan.
Gaineratu dutenez, prozesuaren helburu garrantzitsuenetako bat izango da prozesu nazionala herriko lanketa propioarekin "uztartzea".