Astebeteko jaialdia izan zen, eta Gasteizko hainbat tokitan askotariko ekitaldiak egin zituzten; horien artean, Florida Guridi zineman maiatzaren 30ean jokatu zen bakarrizketa lehiaketa.
Sariarekin etxera; pozik?
Bai, horixe! Egubakoitzean egin zuten Mikro irekia izeneko saioan parte hartzeko proposatu zidan nire irakaslea izan denak, eta baiezkoa eman nion. Eta geroago, lehiaketan izena emateko esan zidaten, eta, zalantza askokin, horretarako izena ere eman nuen; izan ere, urtea daroat jendaurrean saiorik egin barik. Egubakoitzean, bada, estreinaldi txiki bat egin nuen, sei minutuko saio bat, eta domekan lehiaketa. Sorpresa izan zen lehen saria irabaztea, eta zerbait ondo egin nuela konturatu naiz, epaimahaikideen artean, besteak beste, gidoi onenaren Goya saria duen Jorge Gerrikaetxebarria zegoen eta.
Kaitin Allende: "Zalantzak nituela aurkeztu nintzen, eta indarra eman dit sari nagusia irabaztea"
Kazetari rolaren gainean osatu zenuen lehenengo gidoia eta ama moduan jardun duzu bigarrenarekin. Hirugarrena, zeri buruz?
Klimaxetik klimateriora eta buelta da izenburua. Pista bat emateko esango dizut beroaldiak arintzeko abaniko batekin ateratzen naizela taularen gainera.
Eta horren gidoia ere bizipenetatik abiatuta, ezta?
Noski! Ikastaroetan hala gomendatzen dute; oinarrian beti dago mina eta egia, eta bi elementu horiekin sortu behar da bakarrizketa. Hori da, azkar esanda, bakarrizketa baten gidoia sortzeko oinarria. Hortaz, kasu honetan, mina da: berotuta eta izerdi patsetan egotea, hormona saltsan izatea... Baina jakin behar da horri buelta ematen eta barre egiten. Errespetuz jokatuz gero, gaur egun frogatuta dago umoreak ez duela mugarik, eta nik hala bizi dut umorea. Beti esaten da menopausia iristen denean emakumearen bizitzara, hau da, udazkenak atea jotzen duenean, ematen duela bukatu dela dena, eta ez; ez da horrela, eta hori esatera nator.
Zuretako terapia, eta, seguru, aurrean zenituen askok ondo ulertuko zizutela.
Bai; bitxia izan zen: barreak entzuten ziren, nahiz eta irribarreak maskarak estali. Polita da ekitaldia bukatutakoan ezagutzen ez duzun jendea etorri eta gustatu egin zaiola esaten dizunean; emakumeak eta gizonak etorri zitzaizkidan, etxean hori bizi dutela esanaz.
Zalantzarik ez zenuen izan hau ere euskaraz egiterakoan?
Bat ere ez, argi daukat hori dela nire apustua eta aurrera egin behar dudala. Kontziente naiz, batetik, umore munduan emakume gutxi dagoela, dauden guztiak ni baino gazteagoak dira, eta, orokorrean, gazteleraz dira bakarrizketa saio gehienak; lehiaketan bostetik bakarra izan zen euskaraz. Horregatik, saria irabazteak indarra eman dit; akaso, hori behar nuen nik ere neure buruarengan sinisteko.
Sariaren eraginez eskaintzarik sortu zaizu?
Denbora gutxi pasatu da, baina dagoeneko irailerako deitu didate Laudiotik, Araialdeko Ekintzen Faktoriatik; beraz, astebetean eskaintza bat jasotzea ez dago gaizki.
Debagoienan saiorik egiteko aukerarik baduzu?
Arrasaten iazko martxoan egin behar nuena hortxe dago oraindik egin barik, itxialdia hasi zen egunerako nuen lotuta. Bolo hori egiteko gogotsu nago, eta benetan joan nahi dut, eta nire onena Arrasateri eskaini.
Jolas moduan hasi zinen eta dagoeneko hiru gidoi idatzita eta hainbat bideo dituzu sarean. Aurrera egiteko indarrez?
Espero nuenaren %200 da; ez nuen uste sortzeko halako trebeziarik nuenik. Esfortzu handia eskatzen du barre eragiteak, baina hala jarraituko dut, inor mindu barik, ezta norbera ere.