Arrasatearrekin hartutako konpromisoa betetzen ari direla esan du Udal Gobernuak

Txomin Madina Milikua 2021ko eka. 9a, 21:28

Azken urtea "zaila" izan dela onartu arren, agintaldi hasieran emandako hitza bete eta proiektu estrategiko guztiak martxan jartzea lortu dutela nabarmendu du Maria Ubarretxena alkateak.

2019-2023 agintaldiaren lehen erdiaren balorazioa egiteko agerraldia egin du arratsaldean Arrasateko Udal Gobernuak. Maria Ubarretxena alkateak onartu du azken urtea "zaila" izan dela COVID-19aren pandemiak ekarritako askotariko ondorioengatik eta horrek izan duela eragina udal politiketan. "Gure ahalegina inor atzean ez uztea izan da, baina badakigu ez dugula beti asmatu. hala ere, gure helburua legealdi hasieran emandako hitza betetzea da, eta proiektu estrategiko guztiak martxan jartzea lortu dugu", azaldu du alkateak.

Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Victoriano Fuentesek, bestalde, gaineratu du inbertsio mailari eutsi diotela eta hainbat sektoreri babesa eta laguntza emateko neurriak martxan jarri dituztela, eta nabarmendu une honetan Arrasate zorrik ez duen udalerria dela.

Udal Gobernua 2019-2023ko Legegintzaldiko Plana. Arrasate 20230 izeneko ibilbide-orri bat jarraitzen dabilela ere esan du alkateak, Arrasateko "garapen soziala, ekonomikoa, iraunkorra, kulturala eta identitarioa" bultzatzeko helburua duena. Ubarretxenaren esanetan plan hori da dagoeneko martxan dauden proiektu estrategiko guztien oinarria.

Hamar proiektu estrategiko

Gaur arratsaldeko agerraldian, martxan diren hamar proiektuen nondik norakoen berri ere eman dute. Hala, azaldu dute Kulturolako lanak 2021aren amaieran bukatzea aurreikusten dutela, eta 2022aren hasieran hartuko dituela erabiltzaileak. Irisgarritasunarekin lotuta, Erguineko igogailuen lanak 2021eko ekainean amaituko direla esan dute, eta Santa Teresa auzoak 2023an izango dituela erabilgarri. TAO sistema berria irailean jarriko dute martxan, eta Juan Arzamendi Musika Etxeko birgaitze lanak 2022an amaituko dituzte.

Udal Gobernuak esandakoaren arabera, Ekobulebarra 2022an "erabat bukatuta" egongo da, eta datorren urtean bukatuko dituzte baita ere Obenerrekan parkour parkea eraikitzeko obrak. 2023ra begira, 600.000 euroko inbertsioa egin ostean Garibai kalean Eguneko Zentro berri bat zabalduko dute eta bi urte barru berrurbanizatuko dute Jose Luis Iñarra kalea.

Musakolako kiroldegia

Musakolako kiroldegia eraberritzea, aldiz, "etorkizuneko proiektua" dela azaldu du Udal Gobernuak, eta horrekin lotuta, bigarren faseari ekingo diotela: Arrasateko kirol-azpiegituren mapa partekatua sortzea klubetako ordezkariekin, erabiltzaileekin zein herritarrekin.

Herritarrei eskerrak

Udal Gobernuko kideek, era berean, herritarrei eskerrak eman gura izan dizkiete gaurko agerraldian, "udalari eta udalerriari dagokien guztian" parte hartzeagatik. "Aurreko agintaldian ere bai, baina bereziki azken bi urteetan, ehunka arrasatearrek hartu dute parte prozesu parte-hartzaileetan. Egunero egiten dizkigute iradokizunak eta hor ikusten da herriarekiko daukaten inplikazioa. Beraz, eskerrik asko herritar guztioi".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak