Zortzi laguntza lerro ditu 2021eko Enplegu Planak

Eneko Azurmendi 2021ko eka. 1a, 19:19

777.328,27 euroko aurrekontua du Arrasateko Udal Gobernuaren planak eta bereziki enpresentzako laguntza lerroa azpimarratu du Marga Garmendia Enplegu teknikariak. "Enpresa berriek ez ezik, Arrasaten lantoki edo egoitza bat zabaltzen duen edozein enpresak, erretiroagatik edo beste arrazoiren batengatik jabez aldatu duten enpresek, eta pandemiaren eraginez jarduera dibertsifikatu behar izan duten enpresek jaso ahal izango dute dirulaguntza".

Planaren helburu nagusiak langabeziaren arazoari aurre egiteko neurriak aktibatzea, kalitatezko enplegua sortzen laguntzea, udalerriko ekonomia eta enpresa ehuna indartzen laguntzea eta garapen jasangarriaren alde eragitea dira, Edurne Unamuno Enplegu zinegotziak adierazi duenez. "Era berean, COVID-19ak eragindako beharretara egokitu ditugu laguntza lerroak", gaineratu du.

Esan moduan, zortzi dira laguntza lerroak:

  1. Herriko langabeen kontratazioa, interes publikoa duten proiektuak garatzeko (417.828,37 euroko zuzkidura du aurrekontuan). "2021era begira, oraindik ez dira hasi kontratazioak, izan ere, oraintxe hasi gara bukatzen 2020koak. Lanbideren dirulaguntzez baliatzen da Udala kontratazio hauek egiteko eta sorpresarik ezean, Lanbidek estaliko du gastuen %75-80 inguru", azaldu du Garmendiak. "Aurten 30 kontratu egiteko asmoa du Gobernuak, baina oraindik zehazteke dago. Seguruenik errepikatuko dira herritarren laguntzaileenak edota zentroen garbiketa egiteko langileenak. Baina aurrerago zehaztuko dugu; oraindik balorazio bat egin behar dugu 2020koena, eta ikusi ze behar berri dauden".
  2. Arrasateko enpresetan herriko langabeak kontratatzeko dirulaguntzak (87.500 euroko zuzkidura). Deialdia irekita dago abenduaren 31ra arte eta oinarriak udal webgunean daude. 2014an jarri zen martxan lerro hau eta iaz, esaterako, zortzi enpresak jaso zuten laguntza hau. "Eskaera gehiago egon ziren, baina ez ziren baldintzetara egokitzen", azpimarratu du Garmendiak.
  3. Titulatu berrien laneratzerako ekimenak (7.000 euroko zuzkidura). Udalaren hainbat egitasmotan praktikaldiak egitea, beka izaerako ordainsariak erantsita. "Praktikaldia Udalean egiteko eskariak geroz eta gehiago dira. Horregatik, hori kudeatzeko araudi bat lantzen ari gara, eta 2022an sartuko litzateke indarrean. Orain arte ez zuzkidura agortu, baina iaz ikusi genuen hainbat enpresetan protokoloak arazoak zituztela praktiketan zeuden ikasleekin, eta askok administraziora jo zuten. Horregatik, programa hau egokitu egin dugu".
  4. Arrasateko enpresentzako laguntzak (35.000 euroko zuzkidura). 2000. urtean abiatu zuten programa hau eta 2014tik hasita, eskaera kopuruak behera egin du, 2020an eskaera bakarra jasotzera helduta. "Beraz, egokitzapen sakon bat egin diogu programari, izenburutik hasita. Hala, enpresa berriek ez ezik, Arrasaten lantoki edo egoitza bat zabaltzen duen edozein enpresak, erretiroagatik edo beste arrazoiren batengatik jabez aldatu duten enpresek eta pandemiaren eraginez, jarduera dibertsifikatu behar izan duten enpresek jaso ahal izango dituzte laguntzak. Ostalaritzaren adibidea da garbiena, etxera eramateko zerbitzua ezarri duen jatetxe bat, esaterako", dio Garmendiak. Era berean, gutxieneko inbertsioa murriztu dute, hau da, dirulaguntza jaso ahal izateko, 3.000 euroko inbertsioa egin beharra izango dute –lehen 6.000koa zen kopuru hori–. "Horrez gain, inbertsio kontzeptua ere malguagoa da orain. Lehen ez ziren kontuan hartzen establezimendu gastuak, aktibo finkoak izan behar ziren". Deialdia aste honetan publikatuko dute buletinean eta abenduaren 31ra arte egongo da eskaera egiteko aukera.
  5. Langabeei zuzenduriko lanerako prestakuntza ikasketetarako laguntzak (30.000 euroko zuzkidura). 2017an jarri zen martxan eta Lanbide Heziketako ikasketak egitera animatzen diren 25 urtetik gorako Arrasateko langabeei zuzenduta dago. "Orain arte eduki duena baino erabilera handiagoa eduki dezake lerro honek. Interesgarria da, garraio gastuak, matrikulak eta bestelakoak ordaindu ahal izateko. Beti ere, gastuaren %75a izango da gehienez ordainduko dena, eta gehienez 2.000 euro".
  6. Ekintzailetzaren sustapena (60.000 euroko zuzkidura). Bereziki unibertsitateko ikasleen artean ekintzailetza sustatzea da helburua, konkretuki, Saiolan enpresarekin elkarlana gauzatzeko eta Mondragon City Challenge egitasmoa bultzatzeko.
  7. Ekonomia suspertzeko ekimenak (90.000 euroko zuzkidura). Hainbat partida txiki daude aurrekontuan, besteak beste nekazaritza, transizio energetikoa, ekonomia eta enpleguaren sustapeneko ekitaldiak, eragile desberdinekin elkarlanean: Caritas, Neiker ikertegia, D2030 plataforma, Mondragon Unibertsitatea, enpresak...
  8. Lanerako prestakuntza eskaintza (50.000 euroko zuzkidura). Langabeen laneratzea errazteko lan merkatuaren beharretara egokitzeko. "Udalak zuzenean ez ditu egiten ikastaroak, baina Bastida akademiarekin elkarlanean dihardu, esaterako. Hala ere, beste enpresaren bat prest egon ezkero, aukera egongo litzateke praktikak egiteko edo bestelako kolaborazioren bat egiteko".

Langabezia tasaren bilakaera Arrasaten

Gobernuak adierazi duenez, ahalegina egin du planean jasotako lerroek egungo enpleguaren egoerara egokitzeko. "2020ko apiriletik 2021eko apirilera 92 langabe gutxiago daude Arrasaten; langabezia tasa 0,79 puntu jaitsi da urtebetean. Pandemia aurreko datuekin alderatuta, berriz, 2020ko urtarrilean baino 85 langabe gehiago daude, eta tasa 1,72 puntu handitu da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak