Banatu dituzte Arrasate literatur lehiaketako sariak

Hasier Larrea 2021ko mai. 27a, 19:31

AED elkarteak sustatutako Arrasate literatur lehiaketaren 34. aldia izan da aurtengoa; LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleen 159 lanen artean erabaki dituzte epaileek arlo bakoitzeko irabazleak; Oihana Arana idazlea izan da aurtengo gonbidatu berezia.

Gaur arratsaldean, 19:00etan hasita, izan da Arrasateko literatur lehiaketako sari banaketa, Kulturateko areto nagusian. Antolatzaileek txapelketaren 34 urteko errepaso labur bat egin dute, eta "ordutik teknologiak gure bizimoduan pentsaezina zen lekua bereganatu duela" nabarmendu. "Pertsona guztiek barruan daramagun sortzaileak bizi-bizi jarraitzen du", adierazi dute, eta ekitaldiko protagonistak jarri dituzte horren erakusle gisa.

Iazko ekitaldian Jon Maia bertsolaria izan da, eta aurten Oihana Arana Cardenal idazle eskoriatzarra izan da gonbidatu nagusia. Banaketaren ostean, Jokin Garitanok bere poema irakurri du.

Epaileek, balorazio ona

Narrazioa, ilustrazioa, bertso-papera, mikroipuina, komikia eta poesia uztartu dituzte partaideek. Azken modalitate horretan epaile lanetan aritu dira Hirune Iribekampos eta Bea Garai. "Lan dezente pandemiaren inguruan" idatzitakoak izan direla azpimarratu du Iribekamposek: "Atentzioa eman digu gai horri buruz nola hausnartzen duten, norberari nola eragiten dion adierazita".

Bertsopaperei dagokienez, Xabi Batzuen izan da irabazlea hautatzeko arduradunetako bat. Haren esanetan, bertsolaritzan gai berriak txertatzen ari dira belaunaldi gazteak: "Adiskidetasunari buruz idazteko eskatu genien, eta deigarria iruditu zaigu nola mahai gaineratu duten bideo-jokoen gaia, esaterako". Gainera, "kuriosoa" iruditu zaio nola ekartzen duten ikasleek paperera bizitza erreala: "Jabetzen zara freskotasuna ematen diotela bertsolaritzari euren egunerokoan gertatzen zaienari buruz idazten dutenean".

Gaur egungo gazteek "beste heziketa mota bat" jaso dutela dio ilustrazioak puntuatzeaz arduratu den Olatz Zuazubiskarrek: "Teknologia berriekin oso abilak direnez, orojakileak dira gizarteko gaien inguruan, inoiz baino erraztasun handiagoa baitaukate informazioa eskuratzeko". Izar Ruiz de Austrik idatzitako mikroipuin bat izan dute eredu kategoria horretako partaideek euren marrazkia irudikatzeko orduan: "Izarren kaiola bati buruzko kontakizun laburretik abiatu dira, euren kaiola propioa irudikatzeko; arrainontziak, adibidez".

Sariketaren garrantzia

Epaile lanetan ibili diren hirurek argi adierazi dituzte, bakoitzak bere argudioekin, gaztetxoengan halako txapelketak sustatzeak dakartzan onurak. Zuazubiskarrek ikasleak "kulturizatzeko eta alor desberdinak jorratzera bultzatzeko" modu aproposa dela deritzo, "oparia dirua" izanagatik; Batzuenek, berriz, "hain panorama ilunean kandelatxo bat pizteko abagune" bezala ikusten du sariketa, eta Iribekamposek, azkenik, nork bere buruari balioa emateko erakusleiho bezala laburtu du literatur lehiaketa.

Literatur lehiaketako saridunak

NARRAZIOA

LH5-6:

• Bigarren saria: Daniel Wang, Nikole Urretabizkaia eta Goiatz Belategi.

• Lehen saria: Naroa Lertxundi.

DBH 1-2

• Bigarren saria: Hutsik.

• Lehen saria Garazi Azkarate.

 

ILUSTRAZIOA

LH 5-6

• Bigarren saria Aitor Azurmendi.

• Lehen saria Enara Martin.

DBH 1-2

• Bigarren saria Nerea Dulugea.

• Lehen saria Unai Gorostiaga.

 

BERTSO PAPERA

LH 5-6

• Bigarren saria Nerea Poza eta Elena Moya.

• Lehen saria Aratz Arenaza.

DBH 1-2

• Bigarren saria Hutsik.

• Lehen saria Hutsik.

 

MIKROIPUINA

DBH 3-4

• Bigarren saria Aroa Garro.

• Lehen saria Alaitz Etxebarria.

BATXILERGOA

• Bigarren saria Naroa Urtaza.

• Lehen saria Kattalin Linazisoro.

 

POESIA

DBH 3-4

• Bigarren saria Alaitz Sanchez.

• Lehen saria Alaitz Sanchez eta Idoia Sanchez.

BATXILERGOA

• Bigarren saria Leire Arrizabalaga.

• Lehen saria Jokin Garitano.

 

KOMIKIA

DBH 3-4

• Bigarren saria Hutsik.

• Lehen saria Hutsik.

BATXILERGOA

• Bigarren saria Xabier Perez.

• Lehen saria Hutsik

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak