Hamaika urte dira Udala gaztegune zerbitzua eskaintzen hasi zenetik Pablo Urangako lokalean, eta Txatxilipurdiko langileak arduratu izan dira 12 eta 16 urte arteko gazteei zerbitzua emateaz. Bizilagunen eta erabiltzaileen artean aspalditik zegoen bizikidetza arazo bat zela eta, ordea, Udalak Musakolara lekualdatu zuen asteburuetako zerbitzua.
Lekualdatzeak erreakzio uholdea ekarri zuen berehala, eta kaltetu zuzenek, hau da, gazteek, sinadura bilketa bat abiatu zuten segidan, erdigunean gaztegune bat izatea eskatuz. "Ez gaude ados gutxi batzuen jarreragatik gaztegunea ixtearekin, gehienok jarrera egokia eduki izan dugulako", adierazi dute.
Ia 800 sinadura bildu dituzte eta BAZen entregatu, Udalari "eskaera zuzena" egiteko
Haien eskaera garbia da: adin tarte horretako nerabeek erdigunean, "berdin da non", gaztegune "duin eta egokia" edukitzea lehenbailehen, "aisialdi hezitzaile egokia izateko adin oso garrantzitsua baita haiena". Gurasoek nabarmendu dute azken hori. Izan ere, gazteak izan dira, euren kabuz, sinadurak batu dituztenak, baina gurasoen babesa izan dute hasieratik.
Sinadura bilketak oso harrera ona izan du, gurasoen arabera. "Jende askoren oniritzia eduki du, aparteko esfortzurik egin gabe ia 800 sinadura lortu dituztelako seme-alabek. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei. Azpimarratzekoa da haiek egin dutela bilketa guztia, guk babesa eman besterik ez diegu egin".
Musakolakoa, txikiegia eta urrun
Gurasoek azaldu dutenez, hasieran, gazteak hasi ziren Musakolako gaztegunera joaten. "Baina nahiko urrun geratzen zaie eta askok zerbitzua erabiltzeari utzi diote. Lekua ez da aproposena, txikia da eta beste auzo batzuetan bizi diren gazteentzat urrun dago", diote.
Gaineratu dute asteburuetan erabiltzen zutela, gehienbat, zerbitzua. "Astean zehar ez dute hainbeste erabiltzen, kirol jarduerak eta klaseak dituztelako".
Gazteendako "alternatiba" falta
Era berean, diote Udalak oraindik ez duela egin bilerarik arazoa bideratzeko, ez gurasoekin ez nerabeekin. "Erantzuna da gauzak argi eduki arte ez dutela gurekin bildu nahi. Ikusten dugu oso luze joan daitekeela hau, eta guk ez dugu gura gure seme-alabak horrenbeste denbora gaztegune barik egoterik".
Azkenik, Arrasaten 12-16 urte artekoentzat alternatibak falta direla ere plazaratu gura izan dute. "Ludotekak, gaztetxea, kultura etxea, zaharren egoitzak, eta abar ditugu, baina gazteentzako leku apropos bat falta da. Uste dugu haien hezkuntzarako oso garrantzitsua dela halako espazio edo leku bat edukitzea".
Gobernua, kokaleku "egoki" baten bila
Udal Gobernuak azaldu du Txatxilipurekin ari dela lantzen erdiguneko gaztegunearen kokalekua, "egokia izan dadin bai zerbitzuaren ikuspuntutik baita bizilagunen ikuspuntutik ere".